Bannerra

Jar diezaiogun muga pobreziari. Pobreziaren muga 2018

Diru-Sarrera duinak

2018/03/05

POBREZIAREN MUGA ZEHAZTEAREN GARRANTZIA.

Elkartzenen uste dugu, pertsona ororen parte-hartze sozial aktiboa bermatzeko helburuaz,  gutxieneko diru-sarrera duinak bermatuak eduki behar ditugula. Bistakoa badirudi ere, pobreziak, berau ulertu eta azaltzeak, ondorengo ezbaian du giltzarria: aberastasuna eta errenten  banaketa desorekatua bai zentzu “bertikalean” (lan eta kapitalaren errentak) zein zentzu “horizontalean” (herritarren artean egiten den baliabideen banaketa).

Txosten ofizialek pobrezia erlatiboari, prekarietateari, ongizate ezari eta abarrei buruz mintzatzen zaizkigu, egiazko errealitatea estaltzen duten indize eta zenbakiak manipulatzen dituztelarik. Elkartzen-ek urteak daramatza erreklamatzen Pobreziaren Muga definitu eta zehazteko irizpide homogeneo bat ezar dadin. Gizarte baten errenta eta prezioen mailan oinarritutako erreferentzia bat definitzean datza eta, aspektu horietan oinarrituta, pertsona batek gutxieneko duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen kopurua zehaztean. Elkartzen-en gutxieneko esleipen ekonomiko oro kalkulatzeko orduan erreferentzia hori erabili beharra dagoela pentsatzen dugu, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata, pentsioen gizarte prestazioak eta Diru-sarreren Bermerako Errenta kalkulatzeko besteak beste. Modu horretan horietako bat ere ez da Pobreziaren Mugaren azpitik egongo.

Europako eta estatuetako instituzioek pobreziaren mugaren ezarpena erabili daitekeen errenta baliokidearen medianan oinarritzen dute; hau da, populazioaren gehiengoarentzako soldatetan. Jakinda 70. hamarkadaren erdialdetik, sortutako aberastasunean soldatapeko biztanleriaren esku-hartzeak behera egin duela kapitalak bereganatutako zatia asko hazi den bitartean: 1977an soldatapeko biztanleriaren ordainsaria BPGaren %67,3a zen, 2012an portzentai hori %48,6ra jaitsi delarik, gure proposamenak per capita BPG-etan oinarritutako soldatak indexatzearen alde egiten du. BPGak sortutako aberastasuna zenbatzeko dituen mugetaz jabetzen bagara ere (ez du zenbatzen iruzur fiskala, ezta ezkutuko ekonomia ere, eta are gutxiago jendartea sostengatzen duen lan erreproduktiboa), eta hel daitezkeen ekarpenei zabalik egonda, metodo honen bertutea azpimarratu nahi dugu: aberastasunaren banaketa bere sorrerara lotzen duela.

Helburua hori izanik, lurralde bakoitzeko BPG-aren arabera artikulatutako indizazio automatikorako sistema bat planteatzen dugu. Horren arabera:

1- LGS inoiz ez litzateke per cápita BPG-aren %50 baino baxuagoa izan behar.
Indarrean dagoen LGSren eraginez “langile pobreak” sortzen dira. Gure metodologiaren arabera, 2018an Hego Euskal Herrian LGS (eta beraz gutxieneko pentsioa ere) 1.377,93 euro hilean izango litzateke; Madrilek benetan ezarritakoa berriz 735,90 euro hilean delarik, erdia baino pixka bat gehiago.

2- Prestazio bat bera ere ez litzateke inoiz per capita BPG-aren %37,5 baino baxuagoa izan behar, Pobreziaren Mugatzat hartzera pasatuko litzatekelarik.
Egia da Pobreziaren Mugaren gainetik egongo diren prestazio edo gizarte soldatekin ez dugula pobreziarekin bukatuko. Pobreziarekin era integralean bukatzeko, esplotazioarekin bukatzeko lan-baldintza duinak bermatzea, etxebizitzen gehiegizko prezioei eta alokairuei muga jartzea… nahitaezko neurri bakar batzuk dira.

Gehiago irakurri: Jar diezaiogun muga pobreziari. Pobreziaren muga 2018

 

MARTXOAREN 3tik MAIATZAREN LEHENERA, ANTOLATU GAITEZEN

Data esanguratsuak

2018/03/05

40 urte luze pasa dira 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen burututako sarraskitik. Egun horretan, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka oldartu eta haietako bost erail zituen: Romualdo, Pedro, Francisco, José eta Bienvenido. Errepresioak urte horietako klase borrokaren areagotzea geldiaraztea zuen helburu, eredugarria baitzen eta baita urte horietan zabaldu zen klase elkartasuna, batasuna eta borroka. Enpresa, sektore eta jatorri ezberdinetako langileen arteko esperientzia trukaketak, asanbladak, eztabaidak eta ekintzak anitzak izan ziren eta kontzientziak pizteko gaitasuna eta langile klasearen indarra erakutsi zuten. Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian Martxoaren 3a langile klasearen boterearen eta duintasunaren sinboloa da, urte luzez isilarazita eta ahaztuta mantendu nahi izan badute ere.

40 urte luze hauetan, bere gorabeherekin, klase borrokaren zentralitateak eta hau gainditzeko langile antolaketaren balioak beherakada nabarmena izan dute. Maiatzaren Lehena adibide argia dugu: eduki politikoa eta borrokarako grina baztertu eta festa eguna bihurtu dugu.

Atzoko eta gaurko langile borrokak eta aipatutako gogoetak buruan, Maiatzak1egin duela lau urte Bilbon herri mugimenduaren topagunea izateko jaiotako esperientzia da; klase borrokaren zentralitatea azpimarratzeko eta langile klasearen antolaketa eta borroka elikatzeko bere harri koskorra jarri nahi duen esperientzia. Gure txikitasunetik azken hiru urteotan Maiatzaren Lehenean mobilizazioak antolatzeaz gain, hainbat izan dira burututako asanbladak, hitzaldiak eta jardunaldiak; eta helburuei jarraiki, borrokan egondako langileekin elkarlana ere landu dugu.

Maiatzak1egin-en eragin gunea Bilbo bada ere, herri mugimenduak borroka honetan bere ekarpena Euskal Herriko txoko guztietara hedatzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Eta Euskal Herriko Maiatzaren Lehena bezala irudikatu dezakegun egun honetan, gure ahalmenaren arabera azken hilabeteotan zabaltzen aritu garen proposamena publiko egin nahi dugu: Euskal Herriko ahalik eta herri eta hiri gehienetan Maiatzaren Lehenera begirako deialdi bateratu bat adostu.

Ez dugu gure marka edo dinamika zabaldu edo/eta Bilbotik haragoko mugimenduak fagozitatu nahi. Aipatutako parametroetan lan egiten duten esperientziak biderkatu eta existitzen garenon artean erlazio bat eraiki nahi dugu, minimoa bada ere. Beti ere tokian tokiko subjektua, errealitatea eta autonomia oinarri izanda. Langile klasea eta bere borrokaren balioa eta garrantzia erdigunean kokatuko dituen tokian toki antolatutako ekimen deszentralizatuak barnebilduko dituen deialdi bateratua guztion artean eraikitzera deitzera gatoz.

Hilabete honen bukaeran deialdirako testu proposamena helaraziko dizuegu elkarlan honetan parte hartu nahi duzuen guztiei, zuen ekarpenak jasotzeko eta testua eta deialdia publiko egiteko era adosteko (kontaktua: maiatzak1egin@gmail.com).

Egun bakoitza Maiatzaren Lehena bilakatu eta Maiatzaren Lehena borrokaren momentu eredugarri bihurtu, hori da gure iparrorratza. Elkarrekin egingo dugu bidea?


Bilbon, 2018ko martxoaren 3an

 

Hala Bedin egon gara

Aurrekontuak

2018/02/19

Azkenengo bi hilabeteetan zehar publiko egin ditugun Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketen inguruko solasaldia; aurrekontuak orokorrean eta etxebizitza eta prestazio sozialen arloetako irakurketak

 

 

 

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan

Aurrekontuak

2018/01/30

(bukaeran txosten osoa pdf formatuan)

POBREZIA: EREDU EKONOMIKO KAPITALISTAREN EMAITZA

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du1, eta 42 lagunek 3.700 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina2, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen3, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du. Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduan existitzen diren milamiliodunetatik hamarretik bederatzi gizonezkoak dira; bitartean emakumeontzako latzagoak dira sistema honen ondorioak (patrimonio txikiagoa eta berau lortzeko zailtasun handiagoak, prekarizazio handiagoa lan munduan, soldata baxuagoa lan berdinagatik...).

Europako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren “pobrezian eta bazterketa arriskuan” zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera4) eta horietatik 13 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %28, 2008an %23 zenean). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, pasa den urtean mila milioi dolarreko aberastasuna gainditzen duten pertsonen hazkundea historiako handiena izan zen; bi egunero milamiliodun berri bat alegia5 (342 europan).

Administrazio publikoek ezkutatu ezin eta Hego Euskal Herrian ere islatzen den egoera: “Pobrezia eta bazterketa sozialaren” tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (ABG) %22,9koa da (2008an %13,9koa zen) eta Nafarroa Garaian berriz %18,1ekoa (2008an %8,6koa zen). Alegia, 2008 urtetik hona pobrezia eta bazterketa sozialaren tasa %65 hazi da ABGn eta %110 Nafarroa Garaian.6 Datu hauek agerian uzten dute "krisiak" bereziki pertsona hauei egin diela kalte. Babes gutxien duten pertsonek pairatu duten diru-sarreren galerak eta aberatsenek izan duten hobekuntzak, biztanleriaren zati garrantzitsu batengan beheranzko mugikortasun soziala eragin du, parean zati oso txiki batengan beste muturrera, erabateko ongizate sozialera, iristeko aukera ekarri duen bitartean. ABGn biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean.

 

Gehiago irakurri: 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan

 

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

Aurrekontuak

2018/01/16

(bukaeran txosten osoa eskuragarri pdf formatuan)

2018KO AURREKONTUEK, HUTSALAK IZATEAZ GAIN, ALDERDI POLITIKOEK ALDARRIKATZEN DITUZTEN HELBURUEI EZ DIETE EUSTEN BERRIRO ERE. ETXEBIZITZA ERABILERA ESKUBIDEA? ESKUBIDE UKATUA DA, GUZTIZ ANTISOZIALAK DIREN AURREKONTUAK ONARTZEAN

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.


Administrazio ezberdinen diru-bilketa gehiena kupoa, konbenioa, zorra kitatzeari eta arlo publikoaren jarduera burukratikoa ordaintzeari bideratuko da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 2018. aurrekontuetan jasotzen den bezala, lehentasuna defizita eta zorra jeistea da, eta dena "Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Estatuko Legea" betetze aldera.


Azken 10 urteetan Etxebizitza politikari bideratutako diruari erreparatuz gero eman den murrizketa lotsagarria da. 2018an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua (langile eta Administrazio Publikoaren funtzionamendu gastu guztiak barne) 126,90 milioi eurotakoa da, 2009an 217,40 milioi izan zenean, hau da, 2009an baino 90,50 milioi gutxiago. Nafarroan 2018an 61,30 milioi euro bideratu dira, 2008an 273,88 milioi bideratu zirenean, hau da, 212,58 milioi euro gutxiago.

Urteetan, bi gobernuek barneratu digute salmentaren ordez, alokairu eta alokairu-soziala dela lehentasunezkoa, baina ez dute esandakoa praktikatzen. Alokairuaren presentzia oso murritza izaten jarraitzen du Europar Batasunakin konparatuz gero.

Azken Etxebizitza Plan Zuzendarien ebaluazioaren arabera, salmentarako babestutako etxebizitzen aurreikuspenak zabalki bete diren bitartean (%117,7) babestutako alokairua ez da aurreikuspen laurdenera heltzen (%12,8). Hau ahal da alokairua sustatzea?


Diru publikoa esku pribatuetara joatea da areagotzen dena. NASUVINSAk eta ETXEBIDEk euren etxebizitzak alokatzen dituzten etxe hutsen jabeei hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 525€ (600€ra igoko dute aurten) eta Nafarroan 550€ ziurtatzen die. Datu hau, etxebizitza libre bat alokatzeko beharra duten pertsonei bideratzen zaien 250€ko (EPO-Etxebizitza Prestazio Osagarria) gehienezko diru-laguntzarekin ez du ezer ikusirik, izan ere lehena bikoitza da.

 

Gehiago irakurri: 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

 

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

«HasieraAurrekoa12345678910HurrengoaAmaiera»

TWITTER