Etxebizitza

Pertsona orok du bizi maila egoki baterako eskubidea, bai berari eta bere familiari ongizatea eta osasuna eta bereziki elikadura, jantziak, etxebizitza, mediku asistentzia eta beharrezko gizarte zerbitzuak bermatuko dizkiona; langabezi, gaixotasun, ezgaitasun, alarguntza, zahartzaro eta bere borondatetik kanpo biziraupenerako baliabideen galera eragin dion kasuetarako seguru zerbitzuetarako eskubidea du baita ere.

Gizarte Zerbitzuen Nazioarteko Hitzarmenaren 25. Artikulua

Nahiz eta etxebizitzarako eskubidea onartua egonik, eskubide hau lege kolpez ukatzen zaigu, bermatu gabeko beharra da, pobretze faktorea, jendartearen bazterketan eta prekarizazioan sakontzen duena.

Urte luzeetan bankuen irizpideei men egin dieten politikak garatu dira eta adreiluaren aldeko apustua kapitalismoaren noraezeko arrapaladaren alderdi bat gehiago dugu, geroz eta denbora laburragoan geroz eta etekin handiagoak lortzeko irrikaz ihes eroan dabilen kapitalismoaren katebegia.

Etxebizitza eskubide soziala da eta, honenbestez, merkatuaren logikatik kanpo geratu behar du. Erakundeen politikek errotiko aldaketa eman behar dute eta gizarte interesei begira jarri, interes pribatu eta espekulatzaileen mesedetan jarraitu ordez. Etxebizitza politiketara bideratzen den baliabide oro erabilera sozialeko (alokairu sozialeko) hornikuntza publikora bideratu behar dela esan nahi du horrek, jabetza pribatua diruz laguntzeari alde batera utziz.

Ezinbestekoa da etxebizitza lehentasunezko interes publiko gisa aintzakotzat hartzea eta, hortaz, etxebizitza arloko diru partidak handitzea administrazio desberdinetan, behar errealen neurrira.

Lurzoruaren kudeaketa jendartearen interesen araberako erabilera bermatuko duen legediz arautua egon behar da. Araudiak jokabide espekulatzaileak eragotziz, Udalenak barne, askotan finantza iturri gisa erabili baitute. Beste aldetik, aurrezki kutxek, haien izaera soziala medio, haien Gizarte Ekintza berrikusi behar dute eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko inbertsioetara bideratu eta inolaz ere ez eskubide honen babes gabeziaz baliatuz aberasteko erabakiak hartu.

Etxebizitza duin baten erabilerako dugu eskubidea bermatua izateko, ezinbestekoa zaigu herri presioa handitzea.  Eskubide hori aitortua izan dadin gelditzen zaigun bide bakarra antolakuntza eta jendartearen presioa dira.  Eskubide honen alde lan egiten dugun eragile sozialok, kolektibok, sindikatuok, … bat egin behar dugu gure esfortzuak elkartuz. Egin dezagun frente komuna prekaritatearen aurka eta frogatuko dugu irtenbide errealak izan badirela. Bihurtu dezagun ekintza gure pentsamendua eraldaketa sozialaren bidean urratsak eman ditzagun.

ETXEBIZITZA DUIN BAT ERABILTZEKO DUGUN ESKUBIDEA  BERMATUA IZAN DADIN GUTXIENEKOAK

Eskubide hau pertsona orori bermatu ahal izateko, etxebizitza hutsaren gaineko neurriak hartu ahal izateko, halakorik egon ez dadin, negozio izateari uzteko, Euskal Herrirako Legea sortzea ezinbestekoa da, egungo koiuntura politikoa gaindituz lurralde ezberdinetako araudiek hemen proposaturiko neurri berdinak jaso beharko lituzkete. Legearen helburua etxebizitza eskubidea arautzea litzake, eskubide hori pertsona orok etxebizitza duin baten erabileraz gozatzeko aukera gisa ulertuta, bizitzaren garai bakoitzera, bizikidetza unitatera, egoera ekonomiko eta sozialera eta funtzio-gaitasunera egokitua.

Eskubide hau bermatua izan dadin, Udalek ez daude erantzukizun honetatik salbu, dokumentu honetan jasotzen diren ekimen ezberdinak eraman dezakete aurrera. Udalen jokabidea gaur egungo legeriagatik mugatua den kasuetan, antolatu daitezen, Iruñeako eta Gasteizko Gobernuei, hau da etxebizitza alorrean eskumena dutenei, eskubide honen alde egin dezaten exijituz, Udal bakoitzak bere herrian bizi dutenei eskubide hau bermatu betebeharra baitu.

Etxebizitza duin bat erabiltzeko eskubidea bermatua izan dadin ezinbestekoa da etxebizitza inguruko edozein politikak aspektu hauek jasotzea:

- Etxebizitza hutsen erabilpena lehenetsi behar da.

Ezin da etxebizitza hutsik egon milaka pertsonek bizitzeko toki bat behar duten artean. Gure herri eta hiriei inposatzen ari zaien hirigintza eredu basatia geldiarazi beharra dago.  Masiboki eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konpondu, larriagotu baizik, eta gainera ingurumenaren kontrako eraso bortitza izaten ari da. Ezin dira etxebizitza gehiago eraiki milaka etxebizitza huts dauden bitartean. Gehiago eraikitzea guztiz beharrezkoa balitz, promozio guztia publikoa izan beharko litzake eta alokairu sozialera bideratutakoa.

Higiezinen espekulazioa geldiarazi beharra dago eta etxebizitza hutsa alokairuaren merkatura igaro dadila lortu. Ondorengo neurriak martxan jarri ezkero posible litzateke:

a) Okupazioa zigortzeari utzi.

b) Etxebizitza hutsen gaineko zerga, kanon berezi edo zigor gehigarri bat ezarri, etxebizitzen funtzio soziala betearazteko helburuarekin.

c) Arauak ezarri eta etxebizitza hutsaren erabileraren desjabetzea indarrean jarri, jabegoaren funtzio sozialaren urraketa larrien kasuan.

Borondate politikoarekin neurri hauek aurrera eraman daitezke, adibideak daude, bai Europan eta baita Espainiar Estatuan.

- Etxebizitza hutsaren definizioa: funtzio sozialaren urraketa

Herri guztietan etxebizitza hutsen errolda osatu behar da, hau izango litzake lehen pausoa.

Gaur egun “etxebizitza hutsa” kontzeptu juridiko zehaztugabea da eta Administrazioa horretaz baliatzen da haren existentziaren inguruko neurri eraginkorrak ez hartzeko. Beraz, bere definizioa zehaztuko duen araudia guztiz beharrezkoa da.

Etxebizitzaren jabego eskubidearen aplikazioak ez du etxebizitza erabiltzeko jendartearen eskubidearekin talka egin behar, beraz, etxebizitza oro jabegoaren funtzio soziala bete behar du. Etxebizitzaren funtzio soziala honako kasuetan urratzen da: jabetzak, publikoak zein partikularrak,  etxebizitzaren mantenu eta berritzeko beharrari uko egiten dionean, denbora jarraian eta modu justifikatu gabean hutsik dagoenean, gain-okupatua dagoenean edo bizigarri izateko gutxieneko baldintzak betetzen ez duenean.

Ondorengo definizioa errealitatean oinarritutako proposamena izan daiteke:

Etxebizitza hutsa 295 egun baino gehiagoz eta justifikaziorik gabe bizilagunik hartzen ez duen etxea da, Euskal Herrian ditugun atseden egunak kontuan hartuta, asteburuak barne. Hau da, lan egutegiko deskantsu egunen %50 gutxienez okupatzen ez den etxebizitzaz ari gara, lan egutegiak 140 deskantsurako egun zehazten baititu gehienez. Beraz, gutxienez urtean 70 egunez okupatzen ez den etxea etxebizitza huts izatera igaro behar da.

- Alokairu publikoa garatu behar da.

Etxebizitza politiketara bideratzen diren aktuazio eta baliabide ekonomiko oro alokairu publikoa bultzatzera bideratu behar da, jabetza pribatuaren aurrean. Gaur egungo legeek, jarraibideek, arauek, teoriaz,  alokairuaren kultura zabaldu eta birgaitzea indartu behar dela azpimarratzen dute, baina deklarazio hutsetan gelditzen da, Instituzio ezberdinetatik alokairu publikoaren aldeko apustu eraginkorrik ez baita egin, jabetza pribatua indartuz laguntza fiskalen bidez.

- Alokairuen prezioak mugatu behar dira.

Alokairuengatik kobratzen diren prezioei gehienezko muga ezarri behar zaie, bai etxebizitza publikoei baita merkatu librekoei ere. Alokairuaren prezioa etxebizitza erosteagatik ezartzen den zorpetze muga baino baxuagoa izan behar da, gaur egun %30ko muga gomendatzen da. Ezin da onartu, alokairuen prezioak erosketaren mailakoak izatea, horregatik, alokairuen prezioek ez lukete errentatariaren diru sarreren %15 gainditu beharko.

- Alokairu sozialerako parke publikoa osatu behar da, etxebizitza hutsen erabilera lehenetsiz.

Etxebizitza duin bat erabiltzeko eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da Alokairu Sozialeko Parke Publiko bat osatzea.

Etxebizitza hutsaren erabilera lehenetsi behar da eta haren berregokitzea gauzatu hala beharko balitz, alokairu publikoko etxebizitza parkea sortzeko helburuarekin. Etxebizitza promozio publiko oro alokairura bideratua izan behar da, gehienezko prezio mugatuekin. Etxebizitza parke horrek pertsona guztientzako eskuragarri egon behar du eta haien beharren arabera moldatua egon behar da.

Hutsik dauden etxebizitzak eta bizitoki bat behar duten pertsonen egoerari irtenbide emateko baliagarri direnak etxebizitza parke publikora igarotzeaz ari gara hizketan. Etxebizitza parke publiko hori ERAKUNDE PUBLIKO batek kudeatu beharko luke, eragile sozialen partaidetza bermatuz.

Parke horretan txertatu beharreko etxebizitzak, gaur egun promozio publikokoak diren etxebizitzez gain, hutsik dauden etxebizitzak izango lirateke, edozein erakunde publikoarenak, enpresa publikoenak barne, banku eta kutxeenak, konstruktoreenak, promotoreenak, elizarenak, ejerzitoarenak, eta edozein partikularrenak etxebizitzak bete behar duen funtzio soziala larriki urratzen bada.

ERAKUNDE PUBLIKOaren finantziazioaren iturriak: alde batetik Administrazio Publikoa gaur egun etxebizitza politikara bideratzen den aurrekontu guztia bideratuz, eta bestetik, finantza eta aurreikuspeneko erakundeek “gizarte ekintza”ren bidez, oinordekorik ez izateagatik jasotako etxebizitzak, partikularren aportazioak…   Edonola ere,  baldintza ekonomikoak direla eta aurreko finantza iturriak nahiko ez balira, erakunde publikoak izan beharko lirateke bermatzaile eta etxebizitza erabilerarako eskubidea gauzatua izan dadin emergentzi sozialeko salbuespenezko beharrezkoa den ekarpena egin beharko luke.

- Alokairuzko etxebizitzaren adjudikazioa irizpide unibertsalekin

Alokairu publikoko etxebizitza parke hori baliabide ekonomiko gutxien duten eta bizitoki beharra asegabe duten pertsonen egoerari erantzutera bideratuko litzateke. Horretarako etxebizitza hutsen errolda izateaz gain  etxebizitza beharrari dagokion errolda ere izan behar da, irizpide unibertsalekin osatua, egun zozketan eta baremo  murriztatzaileetan oinarritzen delako, gutxiengo bati sarbide ematen dion eta beharra duten pertsonen gehiengo zabala baztertzen duen esleipen sistema gaindituko duena. Horretarako hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan: erosteko ahalmen maila, bizikidetza unitatearen kide kopurua, ondarea, etab. Aldagai bakoitzari puntuazio bat legokioke eta modu horretara esleipen zerrenda bat osatuko litzake. Sistema horrek behar handienak eta baliabide gutxien dituzten pertsonei alokairu sozialerako sarbidea emango lieke.

- Gizartearen parte hartzea bermatu behar da etxebizitza publikoaren kudeaketan.

Etxebizitzaren kudeaketak publikoa izan behar du. Publikoa izateak ez du erakundeek kudeatu behar dutela soilik esan nahi. Biztanleriak antolatu eta kudeaketa horretan partaide aktibo izan behar du.

ETXEKALERATXEEK SUPOSATZEN DUTEN EMERGENTZIA EGOERAREN AURREAN

Dokumentu honetan aipatzen ditugun neurriak aplikatu ezkero, etxekaleratzeak suposatzen ari den zorigaitza ez luke gertatuko, etxebizitza baten beharrean aurkitzen diren pertsona guztiek alokairu sozialeko etxebizitza baterako sarbidea ziurtatuta eduki luketelako. Gainera, etxebizitza hutsen erabilpenaren desjabetza indarrean ezarriz abusuzko eta antisoziala den praktika hau geldiaraziko da.

Bitartean, eta neurri urgente gisa, honakoa exijitzen dugu:

1.- Lakua eta Iruñeko Gobernuei hipoteka edo errenta ez ordaintzearekin zerikusia duten etxegabetze guztiak geldiarazi ditzatela, etxean bizi denaren egoera ekonomikoa krisiaren ondorioz okertu den kasuetan eta momentu horretan ordainketei aurre egiteko gai ez bada.

2.- Udalek bermatu dezatela kaltetuentzako aholkularitza zerbitzua eta laguntza, pertsona horiek kalean amaitu dezatela ekidinez. Pertsonak haien bizitokitik kanporatzeko zentzuz kontrako erokerian parte hartzera ukatu daitezela. Era berean, batzorde lokal bereziak eratu ditzatela, herritarren parte hartzearekin, arazoari hurbileneko eremutik erantzuteko.

 

3.- Hipoteka exekuzioan dagoen etxe oro ALOKAIRU SOZIALERAKO PARKE PUPLIKOaren parte izatera pasa dadila eta haiek kudeatzeko ardura har dezatela Administrazioa gaur egun osatzen duten erakunde publikoek. Horrela, Euskal Herrirako etxebizitza publikorako Erakunde baten sorreran bidean aurrera pausoak emanez.