Aurrekontuak

AURREKONTUAK: POLITIKA EKONOMIKOAREN TRESNA KAPITALISMOAREN ZERBITZURA

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxienekoak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Geure duintasuna eta bizitza daude jokoan.

 

Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zerataz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeaz eta  prozesu hori nola egin nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz.

 

Pertsonok eta elkarte sozialek honako kontu hauekiko erabakitzeko ahalmena izan beharko genuke: zeintzuk diren beharrak eta zeintzuk lehentasunak, nola lortu dirua eta zer gastu egin behar diren eta zeintzuk ez.

 

Hori guztia oinarritik eraiki beharra dago eta pertsonok protagonista aktiboak izan behar dugu: parte hartuz, erabakiz eta kotrabotere herritarra eratuz. Horregatik, zera eskatzen dugu: aurrekontu sozialak egiteko oinarri-oinarritk garatutako prozesu parte-hartzailea egitea. Herriak herritarrentzako egindako aurrekontuak nahi ditugu.

 

Dirua sobera dago pertsonon oinarrizko beharrak asetzeko eta badaude dirua bildu eta sortutako aberastasuna denon artean banatzeko bestelako moduak ere. Baina horretarako ekonomia herritarren gehiagoaren zerbitzura jarri beharra dago, ekonomia demokratizatu beharra dago, parte-hartzaile eta protagonista aktiboak izan behar gara erabakiak hartzeko eta gauzatzeko.

 

Une honetan, espainiako eta euskal herriko eskuma (PP-UPN-EAJ-PSN-PSE)da gaur egungo prekarietatearen, langabeziaren eta pobreziaren erantzule, eta beste behin elkartzen ari dira pobreei kendu eta aberatsei emateko. Egoera hau sortu duten horiek gure miseriaren lepotik bizitzen jarraitu nahi dute. Erregimen kapitalistaren kudeatzaile politikoek beren ugazaben (bankariak, eraikuntzako enpresak, multinazionak,...) interesei men egiten dien ereduaren alde egiten dute. Irabaziak egiten jarraitzen dute pertsonen eskubideen bizkar eta jarraitzen dute  murrizketa sozialak egiten. Ez dago inolako borondaterik gehiago dutenek gehiago ordain dezaten, eta aberastasuna bana dezagun. Nahiago dute dirurik ez dagoela esatea eta langile zein sektore babesgabeen eskubideak eta bizitza-kalitatea murriztea.