Aberastasunaren banaketa

Lanak sortzen du aberastasuna (aberastasunaren banaketaz hitz egitea lanaren banaketaz hitz egitea ere bada) eta aberastasuna amankomuna denean giza-nolakotasunen indartzaile bihurtzen da. Beraz, guztion artean sortutako aberastasuna banatu behar dugu eskubide indibidualak eta kolektiboak bermatzeko. Bide horretan, gure helburua da Euskal Herrian bizi garen pertsona ororen oinarrizko eskubide sozialak aitortuak izan daitezen: gutxieneko diru-sarrerak izateko eskubidea (lan-errenta edo prestazio sozialen bidez), etxebizitza bat erabiltzeko eskubidea eta parte-hartze sozial aktiborako eskubidea. Eskubide guzti hauek bermatzeko adina aberastasun sortzen dugula sinetsita gaude. Horregatik, banaketa justuago bat exijitzen dugu, eta fiskalitate mailakatuago eta justuago batek eta aurrekontu parte-hartzaileek banaketa horretan izan behar duten paper garrantzitsua aldarrikatzen dugu. Beti ere existentzia prekario eta esplotazio egoera oro errotik aterako duen transformazio sozialaren zeruertza bistatik galdu gabe.