Prentsarrekoa: etxebizitza eskubidearen egoera

ETXE HUTSEN GAINEKO PRESIO SOZIALA PIZTEAREN BEHARRA BERRESTEN DUGU

Ezinbestekoa da hirigintza basatiarekin amaitzea, alokairuen prezioei gehienezko muga ezartzea eta alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzea.Elkartzenek behin eta berriz azpimarratu du herritar sektore zabalek etxebizitzara sarbide izateko pairatzen dugun bazterketa. Bereziki larria dena, lan merkatuan egoera prekarioena bizi dugunon artean (gazteok, emakumeok eta pertsona migratzaileok). Gaur egun Euskal Herriko biztanleriaren pobretze faktore nagusienetako bat bilakatzeraino. Etxebizitza guztiontzat!! Baina arazo hau, ez da indibiduala, kolektiboa eta globala baizik. Gure herrian aspaldi ezarri zen eredu kapitalistaren ondorio zuzena alegia.

 

Nondik dator arazoa?
Etxebizitza erabilera eskubide gisa ez onartzetik. Etxebizitza duin baterako erabilpen eskubidea dugu. Hori da administrazio publikoek bermatu behar dutena eta bermatzen ez dutena. Eraikitzaile, higiezin eta bankaren interesei men eginez, etxebizitza eskubidea, negozio bihurtu dute. Egoera larria ez balitz, denbora luzez jendartea ere, kontziente edo inkontzienteki, jendartearen beste zati handi baten beharraz baliatu da. Etxebizitza inbertsio bezala ulertuz eta ez eskubide bezala.


Zer egin behar da?
Euskal Herrian dauden milaka eta milaka etxebizitza hutsen erabilpena bermatzea. 250.000 etxebizitza huts edota azpierabiliak daude 2011n Gaindegiak kaleratutako datuen arabera (http://www.datuak.net/group/etxebizitza) . Ordua da egoera hau aldatzeko, jabetza pribatua ezin da inolaz eskubide sozialen gainetik egon. Etxebizitza, eskubide soziala da, eta honenbestez, merkatuaren logikatik kanpo egon behar da.


Nola?

Alokairu sozialerako etxebizitza parke publiko bat sortuz. Alokairu sozialaren ordaina, maizterraren diru sarreren %15era mugatuz. Parkea, administrazio publikoak gestionatuko luke, betiere jendartearen partehartzea bermatuz eta baita haren kontrol publikoa ere. Lehenbizi, edozein instituzio publikoen, bankaren, elizaren, ejerzitoaren eta abarren etxe hutsak parkea osatzera pasatuko lirateke. Eta baita, funtzio soziala larriki urratzen dituzten jabetza pribatuko etxe hutsak ere. Ezin da negoziorik egin eskubide sozialen kontura. Ezinbestekoa da etxe hutsen gaineko presio soziala aktibatzea. Beste biderik ez dugu etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Herriz herri eta auzoz auzo, etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren benetako arazoa zein den sozializatu. Lan hori burutzera bidean, Elkartzenek bere aportazio xumea egin nahi du. Etxe hutsen markaketa kanpaina bati hasiera emanez. Kontzientziak astindu nahi ditugu, egungo jokabide eta baloreak aldatu. Bide horretan, herritarrak antolatzera eta eskubide sozialen alde borrokatzera animatu nahi ditugu. Bereziki, etxe hutsen gaineko presio sozial haundi bat aktibatzera gonbidatzen zaituztegu. Ez dugu ezer galtzeko...


ANTOLATU GAITEZEN GURE ESKUBIDEEN ALDE!!!

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA DENONTZAT!!!

ETXEBIZITZA HUTSIK EZ!!

Euskal Herrian, 2015-01-21