Alokairuako Markatuaren Estatistikaren (AME) inguruan

Urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzak AME sortu duela iragarri zuen, eta Arriola sailburuak oso tresna baliagarria dela nabarmendu zuen: “Laguntza- eta prestazio-sistemak alokairuaren benetako preziora egokitzea ahalbidetuko digu, eta, datu zehatz eta egiaztagarriak oinarri, zerga-pizgarrien balizko sistemak eratu ahal izango ditugu”. Abiatzeko datuak hiru lurralde-erregistroetan 2016 eta 2018ko abenduaren 31 bitartean indarrean zeuden kontratuei dagozkie, guztira 46.890 kontraturi, 90.000 etxebizitza ingururekin lotuak. “Babes publikoko etxebizitzak edo Bizigune eta ASAP programen baitakoak, zeinak beren ezaugarriengatik ez diren aintzat hartzen AME-etan”.


Alabaina, EJren eta Etxebizitza Sailaren propagandak hainbat kontu ezkutatzen ditu, nahiz eta letra beltzez nabarmendu ditugun lerro bi horietan aitortu egiten duten. Higiezinen merkatua arautzea, zehazki alokairu-merkatua, bada EJren funtzioa ere, hark arautzen dituenez gero babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) alokairu-prezioak; hortaz, Alokabide, Bizigune eta ASAPen prezioak publikoak izan beharko lirateke, kudeatzen duten etxebizitza-kopuruari eta bakoitzean kobratzen ari diren alokairu-prezioari dagokienez, alegia, ez soilik prezioen batezbestekoa, zeinak ezkuta ditzakeen bai 2015eko Legeak baimentzen ez dituen prezioak bai BOE-en alokairuen prezio orokorrarekin bat ez datozenak. Horrez gain, bada garaia jakinarazteko EJk zenbat BOE dituen hutsik, zenbat etxebizitza libre ari den kudeatzen alokairurako eta zein osagarri ordaintzen dituen haiengatik.


Eskura ditugun datuen arabera ─batzuk Lautadakoak dira─, ustez hainbat urtez alokairu publikoko etxebizitzarik gabe egon ondoren (ziurrenik erosteko eskaintzen zirelako), Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan, bat-batean eta azkar batean, EJren eta zenbait udalen eskaintza instituzionalik ez zegoelako bizimodua bestela bilatu behar izan duten pertsonei eskaini zaizkie.


Eusko Jaurlaritzak eta udalek babes publikoko etxebizitza horiekin eta haien prezioekin loturiko datuen berri eman behar dute, prezio horiek Legeak araututa baitaude, eta eredu eta presio izan behar baitute merkatuko prezioei dagokienez, gehiegikeriak ezkutatzen dituzten prezio-“neurriei” buruzko planteamendu iruzurtiak baztertuta.


Beste alde batetik, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren beraren etxebizitza-politiken gaineko interes publikoko datu gisa, esan beharra dugu legealdi honen hasieran Gasteizko Udalak uko egin diola babes ofizialeko etxebizitza batzuen gaineko (30 inguru) eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideari; ondorioz, etxebizitza libre gisara saltzen dira. Gauza bera egiten du Eusko Jaurlaritzak berak eraikitakoekin, baina datu horiek publiko egin beharko lituzke, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek nahitaez bete beharreko Gardentasunaren Legeaz mintzatuko bagara. Gasteizko Udaleko joan den legealdian, bai eta Eusko Jaurlaritzako honetan ere, zenbat etxebizitzatan egin zaio uko eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubideari, eta zein jarraipen egin diote erakunde publiko horiek haien salmentari merkatuan?


Horregatik guztiagatik, Elkartzenek kontu hau ere salatu nahi du, 2019ko Aurrekontuaren azterketan etxebizitza-arloko murrizketak eta atzerapausoak direla-eta egin bezala, berretsi egiten duelako alokairuaren kontrako politikak egiten ari direla, BOEren jabeak merkatu librera joan daitezen bultzatzen ari direla eta EJren etxebizitza-parkea ia geldirik dagoela, salmentaren mende jartzen baita haren eskumendeko diren Alokabide eta Etxebideren emaitza-kontua arintzeko.