ERASOEN AURREAN ERANTZUN ZUZENA

Beste urte batez azaroak 25a gainean dugu eta halabeharrez indarkeria matxistaz hitz egin behar dugu. Ez gara nekatzen sistema patriarkalak dituen ezaugarri eta ondorioak azalarazteaz. Ezaugarri eta ondorio horietaz aldiz, zeharo nekatututa gaude. Sarri esan dugu ere, indarkeria fisikoa irmoki erantzun behar den eraso bortitzena izanik ere, indarkeriaz ari garenean indarkeria mota honetara mugatzea arazoaren garrantzia eta sakontasuna itxuragabetzea izango litzatekeela.

Patriarkatuak jendartearen eremu guztiak eta eremu guzti horien alde eta zirrikitu guztiak zeharkatzen ditu. Gure zainetatik hedatzen da gure beldur eta aurreiritziz elikatuz. Indarkeria matxistaz ari garenean egunero egunero gure bizitzen arlo guzti guztietan pairatzen ditugun indarkeria ezberdin eta maila anitzetako indarkeriaz ari gara. Patriarkatua pairatzen dugunok ere anitzak gara eta gure ezaugarri eta errealitateen arabera ere jasatzen dugun indarkeria anitza da bere ezaugarri eta ezarpenean. Modu zabal eta kexkagarrian normalizatuta, eta ondorioz onartuta, ditugun jokaera patriarkalak eguneroko ogia dira guretzat.

Indarkeria kapitalismoaren oinarrizko elementu eta ezaugarria da. Zentzu horretan eta patriarkatua kapitalismoa sostengatzen duen zutabe garrantzitsu eta sendoena izanik, gure kontrako indarkeria ezin bortitzagoa izateaz gain funtsezko tresna da kapitalismoaren bizipenerako eta garapenerako.

Ataka honetan bere biziko garrantzia du autodefentsa eta indarkeria eremu eta modu ezberdinetan pairatzen dugun heinean, eremu eta modu ezberdinetan defendatzen ikasi behar dugu. Horretan gaude eta ez gara atzera pausorik emango. Hasi gara. Duela urte asko hasi ginen. Eskerrak feminismoei. Eskerrak lehenik eta behin erasotuak izaten ari ginela erakusteagatik. Eskerrak defendatu behar ginela adierazteagatik. Eskerrak defendatzen irakasteagatik. Eskerrak defendatzeagatik, feminismoak beraiek defentsa indartsuenak baitira.

Martxoaren 8an Greba Orokorra deitua dago Euskal Herrian. Greba defentsarako gure eskuetan daukagun beste tresna bat da. Zentzu horretan dei egin nahi dugu Euskal Herrian patriarkatua pairatzen duten guztiei datorren martxoaren 8an greba egitera eta kaleak gure aldarrikapenez betetzera. Badugu zer esan eta nola borrokatu. Egin diezaiogun aurre gure aurkako indarkeria sortzen eta birsortzen duen sistema kapitalista eta patriarkal honi.


Defenda gaitezen!!!!
Gora borroka feminista!!!!

Euskal Herrian, 2018ko azaroaren 22an