Data esanguratsuak

Apirilak 28, Lan Segurtasun eta Osasun Eskubidearen Nazioarteko Eguna

2018/04/28

 

 

Beste urte batez langile klasea sistema kapitalistaren eta bere kudeatzaile politikoen ondorioak zenbatu eta salatu beharrean gaude. Izan ere, urtero bezala, soilik lanera joateagatik izugarrizko sufrimendua pairatzen dugu.

Enpresa-esplotazioa eta lan munduaren prekarizazioa dela eta 2017an Euskal Herrian 54 langile lan istripuetan hil ziren, eta aurten jada 17 dira bizia galdu dutenak. Eta datu hauek publikoak baldin badira ere, laneko gaixotasunak direla eta 2017an 1000 langiletik gora ere hil zirela ezkutatzen da; aurten 300dik gora. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europar Agentziaren datuak dira. Eta agentzia honek lan istripuan hildako langile bakoitzeko beste 19 lan gaixotasunengatik hiltzen direla adierazten du; lan gaixotasun bezala tipifikatuta ez dauden gaixotasunak kasu ia-ia guztietan.

Zer axola du langile baten bizitzak beste batengatik ordezkatzen denean edo bere lan postua ez denean ezta betetzen ere egiten? Negozioa beti pertsonen gainetik kokatzen da. Legeak, epailetza, instituzioak, mutuak... guztiak dira enpresariak laguntzeko eta ‚Äúbake soziala‚ÄĚ mantentzeko sistemak behar dituen tresnak.

Aberastasuna langile klaseak eta herritar sektore zabalek sortzen baldin badugu ere, soilik miseria, prekarietatea, langabezia, eskubideen murrizketak, bizi kalitate kaskarra, gaixotasunak eta heriotza jasotzen dugu.

Zenbat burgesia eta enpresari handi hiltzen da lanean? Zergatik instituzioek lanean hildako langileon datuak isilarazten dituzte? Estatistikak latzak dira. Ez al da hau onartutako biolentzia? Erailtzen gaituen gaitz honek ez al dauka arduradunik?

Gure eskubideei uko egiteko eta pertsona otzanak izan gaitezen patronalak eta instituzioek beldurra ere erabiltzen dute. Ez diezaiogun berea egiten utzi. Kalera ateratzeko, matxinatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko garaia da.


BORROKATU ESKUBIDE SOZIALEN ALDE! PREKARIETATEARI AURRE EGIN!
JENDARTEA ERALDATU!

ELKARTZEN, Euskal Herrian 2018ko Apirilaren 28an

 

PATRIARKATUAREN ZAPALKUNTZA PAIRATZEN DUGUN OROK PLANTO!

2018/03/06

Aste honetan greba feminista bat deituta dago. Ez da data esanguratsu honetan deitu den lehenengoa. 1889ko martxoaren 8an Bilboko Santutxu auzoan kokatuta zegoen Tabakalera Konpainiaren emakume langileek greba egin zuten; euren lan eskubideak defendatzeko eta euren lanpostuetan hobekuntzak lortzeko greba. Patronalak 15 egunero 34 milioi zigarro ekoiztea exijitzen zien, eta horrek, lan-baldintza negargarrietan, egunero buru-belarri eta etenik gabeko 13 orduko lanaldietara behartzen zituen. Etxera itzultzerakoan euren lanaldia bikoizten zen. 2018an berriro kalera ateratzeko arrazoiak asko dira. Lan produktiboan eta erreproduktiboan ematen den esplotazioak bere horretan darrai pairatzen dugun heteropatriarkatu eta kapitalismo honetan.

Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Ideologia patriarkalak gure bizitzako esparru guztietan eragiten du eta estruktura klasista, matxista, sexista, transfobo eta arrazista ditu zutabe nagusiak. Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da.

 

Kapitalismoa berriz, gero eta pertsona gehiagoren pobretze prozesua eragiten ari da. Krisia deitu duten pobretze eta prekarizazio prozesu azkartu honek gero eta herritar sektore eta gero eta bizitzako esparru gehiagotan eragiten ari da. Baina datuek erakusten duten bezala (soldata-arrakala bezala ezagutzen den soldata-diskriminazioa, jardunaldi partzialak, pobrezia egoerak... gure txostenetan eskuragarri), egoera hau ez da neutroa generoari dagokionez.


Eta egoera hau bere horretan mantentzeko, familiaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Kapitalismoa egungo familia eredu patriarkalaz baliatzen da, ezinbesteko jendarte jarduera gehiena suposatzen duen lan erreproduktiboa ikustezin bilakatuz, esplotazio oro ukatuz eta familia eta genero eredu horretan bere buruak kokatzen ez dituzten pertsona guztiak ikustezinak bihurtuz.


Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira. Bide honetan antolakuntza eta borroka ezinbesteko tresnak dira.


Herri honek hamaika eraso ezagutu ditu bere historian zehar eta eraso guzti horien aurrean bere burua defendatu du. Herri honen langileriak biolentzia mota asko pairatu ditu eta egoera horri aurre egiteko beharrezkoa izan du bere burua antolatzea. Patriarkatuari aurre egiteko legitimitate osoa izatetik haratago, eraso guztien aurrean bizirik ateratzeko aukera bakarra antolakuntza eta autodefentsa feminista ere badugu. Zentzu horretan martxoaren 8an Euskal Herriko txoko guztietan emango diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu baita egunero txoko guzti horietan ematen diren eraso guztiei aktiboki erantzutera gonbidatu ere.

 

Patriarkatuaren zapalkuntza pairatzen dugun pertsona orok planto!!!

 

Euskal Herrian, 2018ko martxoaren 8an

MARTXOAREN 3tik MAIATZAREN LEHENERA, ANTOLATU GAITEZEN

2018/03/05

40 urte luze pasa dira 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen burututako sarraskitik. Egun horretan, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka oldartu eta haietako bost erail zituen: Romualdo, Pedro, Francisco, José eta Bienvenido. Errepresioak urte horietako klase borrokaren areagotzea geldiaraztea zuen helburu, eredugarria baitzen eta baita urte horietan zabaldu zen klase elkartasuna, batasuna eta borroka. Enpresa, sektore eta jatorri ezberdinetako langileen arteko esperientzia trukaketak, asanbladak, eztabaidak eta ekintzak anitzak izan ziren eta kontzientziak pizteko gaitasuna eta langile klasearen indarra erakutsi zuten. Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian Martxoaren 3a langile klasearen boterearen eta duintasunaren sinboloa da, urte luzez isilarazita eta ahaztuta mantendu nahi izan badute ere.

40 urte luze hauetan, bere gorabeherekin, klase borrokaren zentralitateak eta hau gainditzeko langile antolaketaren balioak beherakada nabarmena izan dute. Maiatzaren Lehena adibide argia dugu: eduki politikoa eta borrokarako grina baztertu eta festa eguna bihurtu dugu.

Atzoko eta gaurko langile borrokak eta aipatutako gogoetak buruan, Maiatzak1egin duela lau urte Bilbon herri mugimenduaren topagunea izateko jaiotako esperientzia da; klase borrokaren zentralitatea azpimarratzeko eta langile klasearen antolaketa eta borroka elikatzeko bere harri koskorra jarri nahi duen esperientzia. Gure txikitasunetik azken hiru urteotan Maiatzaren Lehenean mobilizazioak antolatzeaz gain, hainbat izan dira burututako asanbladak, hitzaldiak eta jardunaldiak; eta helburuei jarraiki, borrokan egondako langileekin elkarlana ere landu dugu.

Maiatzak1egin-en eragin gunea Bilbo bada ere, herri mugimenduak borroka honetan bere ekarpena Euskal Herriko txoko guztietara hedatzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Eta Euskal Herriko Maiatzaren Lehena bezala irudikatu dezakegun egun honetan, gure ahalmenaren arabera azken hilabeteotan zabaltzen aritu garen proposamena publiko egin nahi dugu: Euskal Herriko ahalik eta herri eta hiri gehienetan Maiatzaren Lehenera begirako deialdi bateratu bat adostu.

Ez dugu gure marka edo dinamika zabaldu edo/eta Bilbotik haragoko mugimenduak fagozitatu nahi. Aipatutako parametroetan lan egiten duten esperientziak biderkatu eta existitzen garenon artean erlazio bat eraiki nahi dugu, minimoa bada ere. Beti ere tokian tokiko subjektua, errealitatea eta autonomia oinarri izanda. Langile klasea eta bere borrokaren balioa eta garrantzia erdigunean kokatuko dituen tokian toki antolatutako ekimen deszentralizatuak barnebilduko dituen deialdi bateratua guztion artean eraikitzera deitzera gatoz.

Hilabete honen bukaeran deialdirako testu proposamena helaraziko dizuegu elkarlan honetan parte hartu nahi duzuen guztiei, zuen ekarpenak jasotzeko eta testua eta deialdia publiko egiteko era adosteko (kontaktua: maiatzak1egin@gmail.com).

Egun bakoitza Maiatzaren Lehena bilakatu eta Maiatzaren Lehena borrokaren momentu eredugarri bihurtu, hori da gure iparrorratza. Elkarrekin egingo dugu bidea?


Bilbon, 2018ko martxoaren 3an

 

Maiatzaren lehenean lotu borrokara

2017/04/29

 

 

Apirilak 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

2017/04/27

Beste urte batez, Apirilak 28ak, lan segurtasun eta osasun eskubidearen nazioarteko egunak, urtero gertatzen diren lan istripu kopuru izugarri haundiaz hausnartzera eraman behar gaitu. Lan istripuak produktibitatea eta etekinak, langileriaren osasuna eta bizitzaren gainetik jartzen dituen sistema kapitalistaren ondorio zuzenak dira.Prekarietatearen eta esplotazio basatiaren ondorio nabarmenenak beraien lanpostuetan hildako langileak dira baina ezin ahaztu istripu bat izan duten pertsona guztiak ezta lanetik eratorritako gaixotasunen batek geldiro hildakoak. 288 lan istripu gertatzen dira egunero, hau da, bat 5 minuturo. 2016. urtean lan istripu guztien heren bat azpikontratazioetan zeuden langileek sufritu zuten.

Bestealdetik, lanetik eratorritako gaixotasunek %8,2a igo dute eta egunero 10 ematen dira. Eta hori ahaztu gabe gaixotasun profesionalen egungo katalogoa guztiz desfasatua dagoela eta ez dituela, teknologia berriek (erradiakzioak, e.a) eta osagai kimiko berriek, osasunean duten eragina jasotzen. Bestalde, baremazioa gizonezkoen organismo tipoan oinarritzen da, ez dago genero katalogaziorik, jakinik, produktu toxiko baten espozizioak eragin ezberdinak izan ditzakeela gizon eta emakumeen artean.

Egungo legediak, enpresei aukera ematen die, lan istripuei dagokien asegurua, gizarte segurantzaren bitartez edo mutuekin kontratatzea. Azken hauek, enpresek beraiek sortutako irabazi-asmorik gabeko entitateak dira. Gastuak gutxitzeko helburuarekin, tratamenduen eta bajen luzapena zein kalte ordainen kopurua txikituz. Egun ematen den gaixotasun profesionalen gutxieneko aitorpena honen ondorio zuzena da. Espainar Estatuan urtero 63.000 gaixotasun profesionalen kasu ez dira hauen kontaketan sartzen. Zentzu honetan etxeko langileen egoera azpimagarria da. Etenaldi gabeko lanaldiek, bakardadean egindako lanak, zaindutako pertsonak edo bere ingurukoek eragiten duten tratu txarrek...ea batzuetan lanetik eratorritakoak bezala onartuak ez diren kalte sikikoak dituzte. Mugitu, lekuz aldatu eta garbituak izan behar diren pertsonak zaintzeak Osakidetza eta Osasunbidearen serbitzu medikuetan gaixotasun arruntak bezala tratatua izaten diren ondoriok ditu.

Gehiago irakurri: Apirilak 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

 

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

«HasieraAurrekoa12345HurrengoaAmaiera»