Hego Euskal Herriko 2017 urterako aurrekontuen azterketa kritikoa prestazio sozialei dagokienean

LABURPENA

(txosten osoa eskuragarri pdf formatoan artikuluaren bukaeran)

 

POBREZIA: EREDU EKONOMIKO KAPITALISTAREN EMAITZA

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du eta aurten jakin ahal izan dugu, 8 lagunek 3.600 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du.

Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduko biztanleriaren erdiak adina aberastasun pilatzen duten 8 pertsona horiek gizonezkoak dira, munduko 62 pertsona aberatsenen artean 53 gizonak diren bezala edota 500 aberatsenen artean 445 gizonezkoak diren bezala.

Europako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren pobrezian eta bazterketa arriskuan zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera) eta horietatik 13,33 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %29). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, europar kontinentea "342 mila-milioidunen etxea da".

Espainiako estatuan pobrezian dauden pertsonen kopurua 2007-2014 tartean %30 hazi da, alegia, "krisiaren" ondorioz urte hauetan 3,1 milioi pertsona gehiago daude pobrezia egoeran. Aipatutako EUROSTAT-en metodo horren arabera, 2015 urtean pobrezia eta bazterketa arriskuaren tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %19,3koa zen eta Nafarroa Garaian aldiz %17,1ekoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean eta %36,33ak Elkartzenek definitutako pobreziaren muga (BPG per capitaren %37,5) gainditzen ez duen bitartean.

Lan baldintzen prekarizazio orokorra eta pobreziaren hedapena

Europar Batasunean jada biztanleriaren %20 egoera horretan da eta Euskal Herrian %35a gainditzen du. Hori da errealitate gordina: pobrezia areagotzen ari den testuinguru honetan enplegua izateak ez gaitu pobreziatik babesten. Lan harremanen desregulazioak eta indibidualizazioak, negoziazio kolektiboaren erreformaren eskutik datorren enpresarien diskrezionalitateak, kaleratzeen merkatzeak eta azken lan-erreformen ondorioz 2012tik hona kaleratze horien gaineko babes juridikoaren ahultzeak, zeintzuen emaitza nagusia enplegu-egonkorra, babes gutxiago duen eta okerrago ordaindua dagoen enpleguaz ordezkatzea izan den.

Murrizketak eskubide zein prestazio sozialetan eta pobreziaren hedapena

Sistema hau, sistemaren politiko-kudeatzaileak eta hauen zerbitzura ari diren hedabideak laguntzak jasotzen dituzten milaka pertsona estigmatizatzen ari dira behi eta berriz iruzurgileak balira bezala aurkeztuz, honela, benetako iruzurgileen gaineko arreta desbideratuz, enpresa eta errenta handien iruzurra ezkutatuz (13.560 milioi euro urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan). Honekin guztiarekin benetako arduraduna zein den ahazten dugu, kapitalismoa, eta horrela laguntza sozialak jasotzen dituzten eta etxebizitzak elkar banatzen dituzten horiek behar gorrian daudelako egiten dutela ahazten dugu, ez hautu hori egin dutelako.

 

LAGUNTZA SOZIALAK EZ DIRA NAHIKOAK POBREZIARI AURRE EGITEKO

Errealitate honen ondorioz gero eta gehiago dira laguntzak eskatu beharrean aurkitzen diren pertsonak. 2008 urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI delakoa) prestazioa jasotzen zutenak 29.585 lagun baziren, 2017ko martxoan jada 63.280 dira (alegia, kopurua bikoiztu egin da!). Egun laguntza hori jasotzen dutenen %56,6 emakumeak dira, %72,4ak espainiar NANa du (honek erabat gezurtatzen du migrarien aurkako diskurtso xenofobo eta arrazisten oinarria), eta %65ak soldatapeko lana dauka edo soldatapeko lanetik eratorritako prestazioak jasotzen dituzte [%19,6a “langile pobreak” deitutako klase sozial berri horren parte da (8.196 emakume eta 4.217 gizon), %25a pentsionista da (10.622 emakume eta 5.111 gizon) eta beste guztiek langabezia kobratzen dute]. Nafarroa Garaian iaz 31.889 lagun (%51,1 emakumeak) izan ziren Bermatutako Errenta jaso zutenak (RG deitutakoa eta lehen RIS zena), 2008 urtean 3.162 besterik izan ez zirenean (alegia, kopurua hamar bider handitu da!). Beste hiru herrialdeetan bezala, nagusiki espainiar NANa dutenak dira (%71,9) eta herena baino gehiago (%35,9) adin txikikoa. Datu hauek, argi eta garbi, bi gobernuetatik martxan jarritako politiken porrota islatzen dute. Era berean, azpimarratu beharrekoa da lagun askok ez dutela laguntza hauek eskuratzeko aukerarik nahiz eta "pobrezia eta bazterketa sozialerako arriskuan" egon.

2008 urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan laguntza jasotzen zuen pertsona batek urtean jasotako batez besteko kopurua 7.510,56 eurotakoa zen 2008ko prezio arruntetan (eta aurrekontua 222,2 milioi eurokoa zen). Kopuru hori 2017ko erosketa ahalmenarekin edota moneta balioarekin parekatu ahal izateko urte hauetan pilatutako inflazioa gehitu beharko genioke (%11,5) eta orduan 2008ko kopuru hura egun 8.374,27 eurokoa litzateke. Bada, egun, 2017 urtean pertsona bakoitzak urtean batez beste jasotzen duena 6.483,88 euro dira, ia 2.000 euro gutxiago. 2008ko babes maila bera mantendu ahal izateko 2017ko aurrekontuak 529,9 milioikoa izan beharko zukeen eta 410,3koa baino ez da. Beraz, RGI laguntzari dagokionean, inflazioa eta laguntza jasotzen dutenen kopuruaren bilakaera kontuan hartuz, 2008 urtetik 2017ra aurrekontua %23 murriztu da. Nafarroa Garaian, 2015arekin alderatuta igoera nabarmena eman den arren (%55a), 2008 urtean laguntza jasotzen zuen pertsona batek batez beste urtean 6.306,13 euro jasotzen zituen 2008ko prezio arruntetan (eta 19,94 milioi euroko aurrekontua zuen partida horrek). Kopuru horri (egungo moneta balioan jartzeko) urte hauetan metatutako inflazioa gehitzen badiogu (%9,2) egun pertsona bakoitzari urtean batez beste 6.886,3 euro ordainduko litzaizkioke laguntza 2008ko mailan kokatu nahiko balitz. Baina errealitatean, gaur eta hemen, urtean batez beste 2.758,37 euro baino ez zaizkie ematen, alegia, 2008an ematen zitzaienaren erdia baino gutxiago. 2008ko babes maila bera mantendu ahal izateko 2017ko aurrekontuak 219,5 milioikoa izan beharko zukeen eta 87,9koa baino ez da. Beraz, RG laguntzari dagokionean, inflazioa eta laguntza jasotzen dutenen kopuruaren bilakaera kontuan hartuz, 2008 urtetik 2017ra aurrekontua %60 murriztu da. Baina errealitatea are latzagoa da. Pertsonako batez besteko diru kopurua gutxitzeak ez du esan nahi prestazioa jasotzen dutenek zehaztutakoa baino gutxiago kobratuko dutenik, baizik eta pertsona askok ez dutela prestazioa jasotzeko aukerarik izango eskari osoa bete baino lehen aurrekontua bukatuko delako.

 

PREKARIZAZIOARI AURRE EGITEKO ANTOLATU ETA BORROKATZEA BESTE AUKERARIK EZ DUGU

Gure herrietan gero eta ageriagoa da pobrezia "bere forma anitzetan", esaterako "pobrezia energetikoa" deitutakoa. Baina "elikadura pobreziaz" ere hitz egin genezake edota "zaintza pobreziaz" edo "pobrezia kulturalaz"... azken finean osotasun bat dena zatika irudikatu eta izenda liteke, baina azkenean pobrezia bat eta bakarra da: era anitzetan azaleratzen den pobrezia ekonomikoa. Emakumeen egoera okerragoa izateaz gain, gizonena baino azkarrago trakesten da, izan ere, prekarietate sozialaren ondorioz emakumeek pairatu duten bizi-baldintzen okertzea askoz ere ikusgarriagoa da. Emakumeena da pobrezia forma berriak pairatzeko arrisku gehien duen sektore soziala: gizon bakoitzeko 5 emakume daude egoera horretan.

Egoera honen aurrean, behingoan pobreziaren muga definitu eta erabakitzeko irizpide homogeneo bat ezarri behar dela defendatzen dugu. Gure proposamena soldata sozialak BPG per capitaren bilakaerari lotzean datza:

- LGSk ez luke inoiz BPG per capitaren %50a baino txikiagoa izan behar

- Laguntza bakar batek ere ez luke BPG per capitaren %37,5aren azpitik kokatu behar, kopuru horretan ezarriko bailitzateke pobreziaren muga

Aurreko azterketan oinarrituz, argi esan behar dugu: aurtengoak ere ez dira aurrekontu parte-hartzaileak. Lehenik eztabaida edota zuzenketak aurrekontuaren zati baten gainean soilik egin daitezkeelako, alegia, gastuen atalean. Eta ondoren, herritarrek zein eragile sozialek ezin dugulako aurrekontuen dokumentuaren lanketan edota eztabaidan  parte hartu. Hego Euskal Herrirako 2017 urteko aurrekontuek ez dute aberastasuna era orekatuagoan banatu behar, aurrekontu hauek ez dituzte kalitatezko zerbitzu publikoak garantizatu behar eta ez dituzte oinarrizko eskubide sozialak bermatu behar. Eta are gutxiago pertsona orok gutxieneko diru-sarrera duinak izateko duen eskubidea. Beste era batean esanda, 2017ko aurrekontu hauek, aurrekoek bezala, ez dituzte Elkartzenetik defendatzen dugun pobreziaren muga gaindituko duten diru-sarrerak bermatuko. Ondorioz, hauek aurrekontu antisozialak eta ez parte-hartzaileak dira.

 

BORROKATU ZURE ESKUBIDE SOZIALEN ALDE!

EGIN AURRE PREKARITATEARI!

JENDARTEA ERALDATU!

 

Euskal Herrian 2017-05-06

 

 

icon HEHko 2017ko aurrekontuak irakurketa kritikoa prestazio sozialak