2017ko aurrekontuen analisia

INSTITUZIO DESBERDINETATIK INPOSATZEN ZAIGUN EREDU PREKARIOA GELDIARAZTEKO, ELKARTZENEK PARTE HARTZAILEAK ETA ABERASTASUNA BANATUKO DUTEN AURREKONTUAK EXIJITZEN DITU


Aurrekontuak politika ekonomikoaren tresna kapitalismoaren zerbitzura

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zertaz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeaz eta  prozesu hori nola egin eta nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz.

Urtez urte ari gara ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. Krisia aitzakia besterik ez da kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak gero eta gehiago indartzeko. Gero eta gehiago dira zeharkako zergak, mailakako elementurik ez eta bildutakoaren erdia baino gehiago suposatzen dutenak (2017an %53,53, 2008an %46 baino ez). Beraz, zerga gehienak langileek zein herritar sektoreek ordaintzen dituzte. Presio fiskalak Europako baxuenetakoa izaten jarraitzen du, hori dela-eta diru-bilketa txikia da. Guzti honi iruzur fiskalaren handiagotzea gehitu behar diogu (10.000 milioi euroetatik gora), ondasun handiek gozatzen duten inpunitatearen erakusle.

Diru-sarrera gutxiago izan arren, kupoa eta hitzarmena ordaintzen jarraitzen dugu. Madrili gero eta diru gehiago ordaintzen diogu bere zorra ordain dezan (gastu militarrak, jaso ez ditugun transferentziak, azpiegitura handiak…). Oro har, 2017an Euskal Herriak 1.700 milioi eurotik gora bidaliko ditu Madrilera kupo eta hitzarmenaren bidez, aurten Nafarroak ordaindu beharrekoan jaitsiera nabarmena egon den arren.

Etengabeko pribatizazioez gain, publikotik ekimen pribaturako diru transferentzia eta alor guztietan ezartzen diren murrizketak, langabezia modu esponentzialean ari da gora egiten (176.600 pertsonatik gora langabezian eta %93ko behin-behinekotasuna). Hortaz, horrek guzti horrek erakusten digu zein den egoera: klase herritarrak baztertu daude. Eta bazterketa hori AURREKONTUETATIK hasten da.

Hala ere, obra “faraonikoak” egiten (AHTa, SuperHegoa, SuperPortua, ...) jarraitzen dute, zenbaiten poltsikoak betetzeko. Adibide esanguratsu bat: 2010 eta 2018 urteen artean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak AHTri bideratutako aurrekontua 2.570,74 milioikoa da; bitartean 2016an Etxebizitza Sailburuordetza guztiari 108,9 milioi dagokio (2017ko martxo-arte luzatutako aurrekoatuak) hau da, AHTn 8 urtetan eta etxebizitza politikan 25 urtetan gastatuko dena berdina da. Nafarroan errealitate bera: AHTri 1,25 milioi euro bideratzeaz gain, ezkutatu egiten da “gastu sabaian” ez zenbatuz. Bitartean, etxebizitzari sarrera eta eraikuntzaren sustapeneko sailari 53,90 milioi euro esleitzen zaio, 2008an 273,88 milioi izan zirenean, agerian utziz “aldaketaren” gobernuaren neurrien epelkeria; gainazala soilik ukitzen eta apur gutxi batzuk gehiago banatzen dituzten neurriak; arazoaren erroa bilatu nahi ez dituzten neurriak.


2017ko aurrekontuek, hutsalak izateaz gain, alderdi politikoek aldarrikatzen dituzten helburuei ez diete eusten berriro ere

Politika arloan aurrekontuei ematen zaien garrantzi eskasa agerikoa da. Gerora funtsezko ezer aldatzen ez duten arren, hobetzeko edo “aldaketa sakonak” egiteko aitzakiapean aurrekontuen luzapenak, Nafarroan pasa den urtean eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aurten, horren adierazle dira. Hain da lotsagabea klase politikoa ezen esaten dutena ere bete izaten ez baitute. Legearen beharrezko dekretuak, urteko murrizketak, aurretik murriztutako aurrekontuen murrizketak... ikusten ditugu. Ondorioz, aurrekontuek, dokumentu bezala, galdu dute euren funtsa juridikoa eta antzu bilakatu dira.

Gobernu desberdinek esaten digute aurrekontuak ahalik eta sozialenak direla; errealitatean, aurrekontuek adierazten digute euskal erakunde publikoek egiten duten jendarte gastu zuzena hondoratzen doala.

Zorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastua baldintzatzea dakar, non kupoak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute. Esan bezala, 2017rako Madrilek 1700 milioi euro baino gehiago jasoko du Euskadi Erkidegoko kupoak eta Nafarroako Foru Autonomiaren kontzertu ekonomikoa ordaintzeko; honi egun pairatzen ari garen gehiegizko zorpetzea gehitu behar diogu. 2016ko hirugarren hiruhilekoan Araba, Bizkaia y Gipuzkoako zor publikoa 10.264 milioi eurokoa da, BPGren %15,20a suposatzen duelarik. 2016ko hirugarren hiruhilekoaren zorra 2015eko hiruhileko berdinarekin konparatzen badugu, ohartuko gara 492 milioitan egin duela gora (azken zazpi urteetan 12 aldiz biderkatu da). Nafarroan zorra ordaintzeari bideratutako kopurua behera egin duen arren (529,62 milioi eurotik 387,83ra), zor publikoak hazten jarraitzen du: 2016ko hirugarren hiruhilekoan 3.678 milioi eurokoa da (BPGren %19,70a); horrek 2015eko hiruhileko berdinarekiko 174 milioiko hazkundea suposatzen du.

Hezkuntza, osasungintza edo etxebizitza sailetara bideratutako diru kopuruan murrizketek ez dute etenik edo kopurua barregarria da. 2016an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasungintzako gastua 3.421,97 milioi eurotakoa da (2017ko martxo-arte luzatutako aurrekoatuak), 2015ean 3.384,68 milioi zenean edo 3.162,57 milioi 2008an, 2008-2016 epealdian gastuaren %2,2ko jaitsiera erreala suposatzen duelarik. Nafarroan “aldaketaren” gobernuak osasungintzari bideratutako 1.041,64 milioi euroetatik erdia pertsonalaren gastura doa. Gure aberastasuna kontuan izanda  instituzioetatik osasungintzari bideratzen zaion ehunekoa gutxiegi da dudarik gabe.


Prekarizazioari aurre egiteko, antolatzea eta borrokatzea beste aukerarik ez dugu

Logika kapitalistak baliabide naturalak gero eta era sistematikoagoan pribatizatzea dakar. Helburua naturaren ondare guztiak, salbuespenik gabe, merkantzia bihurtzea da. Era berean, zerbitzu publiko eta sozialetan logika berdina garatzen dela ikus dezakegu, non diru publiko kopuru ikaragarria esku pribatuetara bideratzen den etengabe.

Eskaria eta kontsumoa mantentzeko erantzuna zorpetze jarraitua izan da. Mundu mailako zorrak gora egiten du kapital globalizatuaren metaketari eusteko, zor lokala laguntxoen negozioak mantentzeko eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzeko. Horrek guztiak 3 pertsonetatik 1 pobreziaren mugaren azpitik bizitzera kondenatzen du (BPG per capitaren %37,5eko metodologia erabiliz).

Era guztietako instituzioek kapital transnazional eta finantzieroaren aurrean erabakitzeko gero eta gaitasun txikiagoa dute. Maila desberdinetako instituzio burgesen erabakitze ahalmenak kapitalismoari berezkoa zaion kontzentrazio eta zentralizazio prozesuak laguntzen ditu. Argi dago “goian daudenen” mesedetan egiten dutela instituzioek, langile klaseak eta herriak bazterrean utziz.

Irabaziak egiten jarraitzen dute pertsonen eskubideen bizkar, murrizketa sozialak egiten jarraitzen dutelarik. Ez dago inolako borondaterik gehiago dutenek gehiago ordain dezaten, eta aberastasuna bana dezagun. Nahiago dute dirurik ez dagoela esatea eta langile zein herritar sektore zabalen bizi baldintzak erasotzen jarraitzea.

Gastu publiko sozialaren gainbeherak funtsezko hiru osagai ditu: diru-bilketa fiskalaren jaitsiera, Hego Euskal Herriko aurrekontuen autonomia eza eta zorpetzearen eta bere kostu finantzieroaren hazkunde esponentziala (gastu ez sozialerako). Egoera horren aurrean zera ozen esatea dagokigu:

Ez direla aurrekontu parte-hartzaileak egingo. Lehenik eta behin eztabaida eta balizko zuzenketak aurrekontuen atal bati egiten zaizkiolako bakarrik: gastuen aurrekontua. Eta horrek berebiziko garrantzia dauka, diru-sarreren atalak baldintzatzen baitu aurrekontuetan gastatu daitekeena. Bestalde, herritarrok eta eragile sozialok ezin dugulako aurrekontu dokumentuaren elaborazio eta eztabaidan parte hartu.

Ez dela aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, kapitalaren errentei, alokairuen errentei eta enpresa-irabaziei egiten zaion tratua berezia dela eta, iruzur fiskalarekin bukatzeko gelditasuna dela eta, politika sozialetan gastatzeko borondate eza dela eta.

Ez direla bermatuko oinarrizko eskubideak (etxebizitza izateko eskubidea izatea eta pobreziaren mugatik [lurraldeko BPG per capitaren %37,5] gorako diru-sarrerak izatea) ezta kalitatezko zerbitzu publiko sozialak bermatuko ere.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu aurrekontuak egiteko eta erabakiak hartzeko parte hartu ahal izatea, pertsonok ditugun beharrizanei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ditzagun. Horretarako, antolatu egin behar dugu, borrokatu eta agintariei gogorarazi eskubideak ez direla negoziatzen ezta hitzartzen ere, errespetatu egiten direla eta bitartekoak jartzea dagokiela horiek bermatuak izan daitezen. Beraz, herritar guztioi dei egiten dizuegu mobiliza zaitezten: atera kalera, mobilizatu eta egin borroka. Aurrekontuak parte-hartzaileak izan daitezen eta aberastasuna banatzeko balio dezaten.

 



BORROKATU ZURE ESKUBIDEEN ALDE!
EGIN AURRE PREKARIETATEARI!
JENDARTEA ERALDATU!


Euskal Herrian 2016-12-23