Aurrekontuak

Hala Bedin egon gara

2018/02/19

Azkenengo bi hilabeteetan zehar publiko egin ditugun Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketen inguruko solasaldia; aurrekontuak orokorrean eta etxebizitza eta prestazio sozialen arloetako irakurketak

 

 

 

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan

2018/01/30

(bukaeran txosten osoa pdf formatuan)

POBREZIA: EREDU EKONOMIKO KAPITALISTAREN EMAITZA

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du1, eta 42 lagunek 3.700 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina2, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen3, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du. Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduan existitzen diren milamiliodunetatik hamarretik bederatzi gizonezkoak dira; bitartean emakumeontzako latzagoak dira sistema honen ondorioak (patrimonio txikiagoa eta berau lortzeko zailtasun handiagoak, prekarizazio handiagoa lan munduan, soldata baxuagoa lan berdinagatik...).

Europako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren “pobrezian eta bazterketa arriskuan” zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera4) eta horietatik 13 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %28, 2008an %23 zenean). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, pasa den urtean mila milioi dolarreko aberastasuna gainditzen duten pertsonen hazkundea historiako handiena izan zen; bi egunero milamiliodun berri bat alegia5 (342 europan).

Administrazio publikoek ezkutatu ezin eta Hego Euskal Herrian ere islatzen den egoera: “Pobrezia eta bazterketa sozialaren” tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (ABG) %22,9koa da (2008an %13,9koa zen) eta Nafarroa Garaian berriz %18,1ekoa (2008an %8,6koa zen). Alegia, 2008 urtetik hona pobrezia eta bazterketa sozialaren tasa %65 hazi da ABGn eta %110 Nafarroa Garaian.6 Datu hauek agerian uzten dute "krisiak" bereziki pertsona hauei egin diela kalte. Babes gutxien duten pertsonek pairatu duten diru-sarreren galerak eta aberatsenek izan duten hobekuntzak, biztanleriaren zati garrantzitsu batengan beheranzko mugikortasun soziala eragin du, parean zati oso txiki batengan beste muturrera, erabateko ongizate sozialera, iristeko aukera ekarri duen bitartean. ABGn biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean.

 

Gehiago irakurri: 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat prestazio sozialen arloan

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

2018/01/16

(bukaeran txosten osoa eskuragarri pdf formatuan)

2018KO AURREKONTUEK, HUTSALAK IZATEAZ GAIN, ALDERDI POLITIKOEK ALDARRIKATZEN DITUZTEN HELBURUEI EZ DIETE EUSTEN BERRIRO ERE. ETXEBIZITZA ERABILERA ESKUBIDEA? ESKUBIDE UKATUA DA, GUZTIZ ANTISOZIALAK DIREN AURREKONTUAK ONARTZEAN

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.


Administrazio ezberdinen diru-bilketa gehiena kupoa, konbenioa, zorra kitatzeari eta arlo publikoaren jarduera burukratikoa ordaintzeari bideratuko da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 2018. aurrekontuetan jasotzen den bezala, lehentasuna defizita eta zorra jeistea da, eta dena "Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Estatuko Legea" betetze aldera.


Azken 10 urteetan Etxebizitza politikari bideratutako diruari erreparatuz gero eman den murrizketa lotsagarria da. 2018an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua (langile eta Administrazio Publikoaren funtzionamendu gastu guztiak barne) 126,90 milioi eurotakoa da, 2009an 217,40 milioi izan zenean, hau da, 2009an baino 90,50 milioi gutxiago. Nafarroan 2018an 61,30 milioi euro bideratu dira, 2008an 273,88 milioi bideratu zirenean, hau da, 212,58 milioi euro gutxiago.

Urteetan, bi gobernuek barneratu digute salmentaren ordez, alokairu eta alokairu-soziala dela lehentasunezkoa, baina ez dute esandakoa praktikatzen. Alokairuaren presentzia oso murritza izaten jarraitzen du Europar Batasunakin konparatuz gero.

Azken Etxebizitza Plan Zuzendarien ebaluazioaren arabera, salmentarako babestutako etxebizitzen aurreikuspenak zabalki bete diren bitartean (%117,7) babestutako alokairua ez da aurreikuspen laurdenera heltzen (%12,8). Hau ahal da alokairua sustatzea?


Diru publikoa esku pribatuetara joatea da areagotzen dena. NASUVINSAk eta ETXEBIDEk euren etxebizitzak alokatzen dituzten etxe hutsen jabeei hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 525€ (600€ra igoko dute aurten) eta Nafarroan 550€ ziurtatzen die. Datu hau, etxebizitza libre bat alokatzeko beharra duten pertsonei bideratzen zaien 250€ko (EPO-Etxebizitza Prestazio Osagarria) gehienezko diru-laguntzarekin ez du ezer ikusirik, izan ere lehena bikoitza da.

 

Gehiago irakurri: 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

 

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen aurrean

2017/12/19

INSTITUZIO DESBERDINETATIK INPOSATZEN ZAIGUN EREDU PREKARIOA GELDIARAZTEKO, ELKARTZENEK PARTE HARTZAILEAK ETA ABERASTASUNA BANATUKO DUTEN AURREKONTUAK EXIJITZEN DITU


Aurrekontuak politika ekonomikoaren tresna kapitalismoaren zerbitzura

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zertaz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeaz eta  prozesu hori nola egin eta nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz.

“Krisia” deitu zuten prozesuaren hasieratik hamarkada bat igaro denean, 2018ko aurrekontuen analisiaren eta 2008koekin alderaketaren bitartez, dokumentu honetan zehar jabetu ahal izango gara prozesu hura langile klasearen eta herritar sektoreen kontrako erasoaren areagotze bat besterik ez zela izan.

Urtez urte ari gara ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. “Krisitik” ateratzen ari garela esaten diguten arren, kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak gero eta gehiago indartzen jarraitzen dira; horren adierazle bikaina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (ABG) Sozietateen Zergaren jaitsierarako itxi berri den akordioa delarik. Gero eta gehiago dira zeharkako zergak, mailakako elementurik ez (ABGn 2018an %53,15a, 2008an baino 3 puntu gehiago, eta Nafarroan %59,9a, 2008an baino 11 puntu gehiago) eta zuzenetan PEFZk gero eta pisu handiagoa dauka (ABGn zuzenen %77,4a, 2008an %67,6a zenean, eta Nafarroan %78,5a, 2008an %61,6a zenean) eta Sozietateen Zerga (ABGn zuzenen %17,2a, 2008an %25,9a zenean, eta Nafarroan %13,2a, 2008an %33,3a zenean) eta Ondarearen Zerga (ABGn %10a jaitsi da 2008tik eta Nafarroan %20a) gero eta gutxiago. Beraz, zerga gehienak langileek zein herritar sektoreek ordaintzen dituzte. Presio fiskalak Europako baxuenetakoa izaten jarraitzen du, eta onura fiskalak direla eta, ez da aurrekontuen %30a ABGn eta %25,75a Nafarroan biltzen (Ondarearen Zergan %50era heltzen da). Guzti honi iruzur fiskalaren handiagotzea gehitu behar diogu (10.000 milioi euroetatik gora), ondasun handiek gozatzen duten inpunitatearen erakusle.

Gehiago irakurri: 2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen aurrean

Hego Euskal Herriko 2017 urterako aurrekontuen azterketa kritikoa prestazio sozialei dagokienean

2017/05/06

LABURPENA

(txosten osoa eskuragarri pdf formatoan artikuluaren bukaeran)

 

POBREZIA: EREDU EKONOMIKO KAPITALISTAREN EMAITZA

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du eta aurten jakin ahal izan dugu, 8 lagunek 3.600 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du.

Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduko biztanleriaren erdiak adina aberastasun pilatzen duten 8 pertsona horiek gizonezkoak dira, munduko 62 pertsona aberatsenen artean 53 gizonak diren bezala edota 500 aberatsenen artean 445 gizonezkoak diren bezala.

Europako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren pobrezian eta bazterketa arriskuan zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera) eta horietatik 13,33 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %29). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, europar kontinentea "342 mila-milioidunen etxea da".

Espainiako estatuan pobrezian dauden pertsonen kopurua 2007-2014 tartean %30 hazi da, alegia, "krisiaren" ondorioz urte hauetan 3,1 milioi pertsona gehiago daude pobrezia egoeran. Aipatutako EUROSTAT-en metodo horren arabera, 2015 urtean pobrezia eta bazterketa arriskuaren tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %19,3koa zen eta Nafarroa Garaian aldiz %17,1ekoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean eta %36,33ak Elkartzenek definitutako pobreziaren muga (BPG per capitaren %37,5) gainditzen ez duen bitartean.

Lan baldintzen prekarizazio orokorra eta pobreziaren hedapena

Europar Batasunean jada biztanleriaren %20 egoera horretan da eta Euskal Herrian %35a gainditzen du. Hori da errealitate gordina: pobrezia areagotzen ari den testuinguru honetan enplegua izateak ez gaitu pobreziatik babesten. Lan harremanen desregulazioak eta indibidualizazioak, negoziazio kolektiboaren erreformaren eskutik datorren enpresarien diskrezionalitateak, kaleratzeen merkatzeak eta azken lan-erreformen ondorioz 2012tik hona kaleratze horien gaineko babes juridikoaren ahultzeak, zeintzuen emaitza nagusia enplegu-egonkorra, babes gutxiago duen eta okerrago ordaindua dagoen enpleguaz ordezkatzea izan den.

Murrizketak eskubide zein prestazio sozialetan eta pobreziaren hedapena

Sistema hau, sistemaren politiko-kudeatzaileak eta hauen zerbitzura ari diren hedabideak laguntzak jasotzen dituzten milaka pertsona estigmatizatzen ari dira behi eta berriz iruzurgileak balira bezala aurkeztuz, honela, benetako iruzurgileen gaineko arreta desbideratuz, enpresa eta errenta handien iruzurra ezkutatuz (13.560 milioi euro urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan). Honekin guztiarekin benetako arduraduna zein den ahazten dugu, kapitalismoa, eta horrela laguntza sozialak jasotzen dituzten eta etxebizitzak elkar banatzen dituzten horiek behar gorrian daudelako egiten dutela ahazten dugu, ez hautu hori egin dutelako.

Gehiago irakurri: Hego Euskal Herriko 2017 urterako aurrekontuen azterketa kritikoa prestazio sozialei dagokienean

 

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

«HasieraAurrekoa123HurrengoaAmaiera»