Urriak 17, pobreziaren kontrako nazioarteko eguna

EUSKAL HERRIAN POBREZIA ETA PREKARIZAZIOA HEDATZEN DOAZ LANGILE KLASEAREN ETA HERRI SEKTOREEN MENPERATZE ETA ESPLOTAZIOAREN ERAGINEZ.

POBREZIARI MUGA JARRIZ, ERALDAKETA SOZIALA GAUZATU!


Urriaren 17an pobreziaren aurkako mundu mailako eguna ospatzen da. Milioika pertsona gara munduan, prekarietate, pobrezia eta miseria egoeretan bizi garenak. Elite ekonomiko eta politikoek herritar sektore zabalen aurkako menderatze eta esplotazioaren ondorioz, munduan zein euskal herrian ere, pobrezia eta prekarietatea areagotuz doaz langile klasearen eta herritar sektoreen artean. Datuak eskandalagarriak dira, 4 estatu batuarrek elkarrekin, 600.000 miloi biztanletik gora dituzten 42 estaturen BPGa baino ondasun handiagoa dute. 1960an munduan, pertsona aberats 1 zegoen beste 30 pobre ziren bitartean; egun, ehuneko hori, 1-80koa da, 1.200 miloi pertsonek elikadura gabeziak dituzte eta 2.200 milioik eraren bateko pobrezia pairatzen dute.

Baina egoera hau ez da soilik “garatu gabeko” herrialdeetara mugatzen. Europar Batasunean, langileak pobre potentzialtzat gaituzte, honela ulertzen delarik 80 miloi pertsona baino gehiago pobrezia mugaren azpitik bizitzea, eta euskal herrian 900.000 pertsona baino gehiago muga horren azpitik egotea. Gaur bertan 17.280 pertsona gosez hilko dira munduan eta Europar Batasunean 123 milioik pobrezia egoeretan biziko dira (ia-ia populazioaren %25a). Herrialde industrializatu gutxi batzuetan ematen den aberastasunaren metaketa mundialak dakartzan pobrezia eta desberdintasun egoera hauek badute bere isla Euskal Herrian ere: populazioaren heren batek (3tik 1ek!) pobreziaren mugaren azpitik bizirauten du, erabiltzen dugun metodologiaren arabera (BPG per capitaren %37,5a).

Jendartearen dualizazioa izugarria da. Beren burua egoera honetan ikusten ez zuten pertsonek, karitate eta ongintza zerbitzuetara jo behar izan dute. Instituzioak elite ekonomikoen aldeko lanetan lanpetuta bait daude. Elkartzenen aburuz, herritar sektore zabalen pobretze eta prekarizazio prozesu hau eskubide sozial eta lan eskubideen etengabeko murrizketaren ondorioa da; sistemak bere erreprodukziorako behar dituen murrizketak. Prozesu hau Maastrich edo Lisboa bezalako gailurretan diseinatu da eta lege eta dekretu bidez martxan jarri eta garatu da; Euskal Herriko elite ekonomiko eta politikoek lege kolpez aurrera eraman dutena. Kapitalismo basatienean sakonduz aurrera begirako ihesaldia.

Are gehiago, egoeraren erantzuleak guk geuk garela sinestarazi nahi digute: lan produktibitate eta malgutasun baxua, gainelikatutako ustezko “ongizate estatua” (?), gure aukeren gainetik bizi izan izana... Aurtengo urtarrilaren 13an “Pobreziaren kontra diru-sarrera minimo batzuk ziurtatu” artikulua argitaratu genuen. Bertan ohartarazten genuen instituzioetatik laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonak erasotzen ari zirela, iruzurgile, gezurti eta ondare publikoaren lapurren pareko jarriz; politikaren eta mundu ekonomikoaren sektore atzerakoienen bozeramailearen lana egiten duten komunikabide gehienek txalotutako eta sustatutako kanpaina. Bitartean, konstituzio espainolaren hitza hainbeste defendatzen den egun hauetan,  inork gutxik gogoratzen du 2011n, herritarrei bizkarra eman zion prozesu parlamentario baten bidez konstituzioaren 135. artikulua aldatu egin zela; bankari emateko diru-kutxa publikoa hustu zuen aldaketa. Gaur badakigu banka ez dela 60.000 milioi euro baino gehiago bueltatzeko gai izango (bankuen erreskatearen %80a). Ez la da hau benetako iruzurra?

Esplotatutako herriok eta zapaldutako nazioak gero eta estutuagoak gaude estatu, Europa zein mundu mailako kapitalismoaren mesedetan, eta Euskal Herria, honen adibide dugu (bankaren erreskateak, zorraren ordainketa, kupoa-hitzarmena, sindikatuen lanaren aurkako erasoak, eskubide sozialen murrizketak, negozio pribatuak loditzeko ondasun publikoen lapurretak, AHT, superportuak, errauskailuak, mespretxuak herritar borondateari, atxiloketak, presentzia poliziala, debekuak...). Kapitalaren ofentsiba izugarria da, baina inolaz ere geldiezina. Gure lan eta gizarte eskubideen aldeko borrokan nahitaezkoa da langile klasearen antolakuntza. Momentu hauetan militantzia sozialak berebiziko garrantzia hartzen du. Herritar antolakundeek zein eragile sozialek, argi dugu borrokak merezi duela; esplotatuak eta irainduak garen milaka langilek, migrantek, gaztek, emakumek, zein pentsionistek, kontzienteki borrokan jarraituz pairatzen ari garen basakeriaren aurrean.

Egunez egun Euskal Herrian biderkatzen ari diren pobrezia eta prekarietate egoerak ekidin nahi baditugu, gure eskubideak progresiboki urratu eta murrizten dituen sistema sozialarekin bukatu beharra dugu. Esplotazio harremanak gaindituko dituen sistema politiko eta sozial berri baten aldeko pausuak emanez. Bide honetan, kapitalaren ofentsibaren aurrean Euskal Herriak bere biziraupena eta etorkizuna ziurtatu ditzan, gure ustez nahitaezkoak diren lau ideia garatu eta sakondu beharko lirateke: ordu gutxiago lan egitea guztiok lana eduki dezagun, honela arlo pribatuan ere lana banatuz; pertsonen eta herrien gain eragiten dugun esplotaziarekin bukatzea naturarekiko oreka bilatuz; eragile sozial eta sindikalek duten pisua handitzea; eta arlo pribatuaren aurrean komuna denaren pisua ere handitzea.


Egungo komunaren gaineko espoliazioaren aurrean, publikoaren pribatizazioaren aurrean, gure bizitzako arlo guztien merkantilizazioaren aurrean, saldu nahi diguten baina herritarron gehiengoaren aurkako gerra ezkutua baino ez dan bake sozialaren aurrean, beldurra eta babesik ezaren aurrean, kapitalaren biolentziaren aurrean, aurre egin behar diegu; elkartasun sareak indartu behar ditugu. Horregatik, urriaren 17ak ez du etsipenerako eguna izan behar, inflexio puntu bat baizik, indar metaketarako abiapuntua, bizi dugun egoeraren kontzientzia hartzeko mobilizazio eguna alegia. Eraldaketa sozialerako abiapuntua!

 

ESKUBIDE SOZIALEN ALDE BORROKATU!

PREKARIETATERI AURRE EGIN!

JENDARTEA ERALDATU!


Euskal Herrian 2017ko urriaren 15ean