Aranako geriatrikoa irekitzeko borroka adinekoeen eskubideen aldeko borroka da

Albisteak

Borroka hau 2015eko urrian hasi genuen zenbait Auzo Elkartek. Apur bat geroago, Gizarte Ongizateko Foru Institutuko Langileen Batzordeak babesa agertu zigun, eta, harrezkero, beste Talde Sozial askok ere gauza bera egin dute. Informazioa zabaltzeko batzarrak egin dira hiriko 8 auzotan, Batzar Nagusietan izan gara eta Udaletxean ere bai.

Une honetan, 9.027 sinadura ditugu jasota Aranako Geriatrikoa ireki dezaten eskatzeko. Hiriko 9 ikastetxe gure alde daude, Auzo Elkarteen Elkargune berria ere bai, eta beste behin elkarretaratzea egin dugu Aldundiaren aurrean.

Ezagutu egin behar ditugu Gasteizko biztanleriaren gaineko datuak, adinaren arabera, zertaz ari garen ulertzeko: 48.099 pertsona dira 65 urtetik gorakoak, 33.916 70etik gorakoak, 22.827 75etik gorakoak, 14.604 80tik gorakoak eta 2.550 90etik gorakoak.

Aldundiak bere zerbitzuek artatzen dituzten mendeko pertsonei buruzko datuak eman dizkigu: 1.949 lagunek diru-laguntza jasotzen dute mendeko senide bat etxean artatzeko; 1.039 pertsona Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) artatzen dituzte; 1.010 adineko foru-egoitzetan (Egoitzak eta Etxebizitza Komunitarioak); eta 639 lagunek laguntza ekonomikoak jasotzen dituzte zerbitzu horiek jasotzeko.

2017ko urtarrilaren 1ean, Legez ezarriko da Gizarte Zerbitzuen eskubide subjektiboa eta unibertsalizazioa; hori dela-eta, Mozioa aurkeztu genuen Batzar Nagusietan Aldundiaren 2016rako Aurrekontua aldatzeko, jada ezin daitezkeelako egon itxaron-zerrendak eta ezin zaiolako inori ukatu arreta pertsonala, mendekoa izanez gero.

Alabaina, borrokan zortzi hil eman ondoren, ustekabea egundokoa izan da: ELZn artaturiko pertsonak 1.039 ziren, baina orain 749 dira, hau da, 290 gutxiago; foru-egoitzetan (Egoitzak eta Etxebizitza Komunitarioak), berriz, lehen 1.010 ziren, eta orain 757, hots, 253 gutxiago. (Gainera, ELZ Udalaren esku geratu da). Aldundia Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren (HKEE) aurrean salatu dugu, Lakuako Geriatrikoaren eraikuntzak eta Abetxukokoarenak pribatizatu dituelako; orain, 40 eta 37,5 urtez, Aldundiak urtero 2.550.000 € ordaindu beharko dizkie enpresa horiei (enpresok 21.574.734,34 € inbertitu dituzte), eta HKEEk izapidetzea onartu du Aldundiaren kontuen urteko berrikuspenean.

Era berean, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Emakunderen aurrean salatu ditugu, ez dezan onar adinekoak zaintzeaz arduratzen diren emakumeen esplotazioa.

Oraindik ez gara hasi salatzen gure adinekoekin eta haien senideekin egiten ari diren abusuak eta lapurreta borobilak, Aldundian edo Egoitza Pribatuetan egin beharreko gehiegizko koordainketa. Baina baditugu datu objektiboak Egoitza Pribatuetako eta Aldundiaren beraren Etxebizitza Komunitarioetako baldintza desegokiei dagokienez.

Gertu daude Espainiako Parlamenturako hauteskundeak, ekainaren 26an, eta Erkidegokoak urrian izango dira; eska diezaiegun betetzeko Gobernu Zentralaren 2006ko Mendekotasunaren Legea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legea. Orain, baina, Aldundiak Gizarte Zerbitzuen Mapa aurkeztu digu, hil honetan bertan onartzeko; Udalak, berriz, Gizarte Politiketako Sailaren Plan Estrategikoa 2016-2019 aurkeztu digu. Ez diegu utziko nahi dutena egiten, Aranako Geriatrikoa irekiko digute, eta justiziaz dagokiguna emango, alegia, eskubide subjektiboa eta horren unibertsalizazioa, Gizarte Zerbitzuen Legeak dioen moduan.

 

INICIATIVA SOCIAL POR LA APERTURA DEL GERIÁTRICO DE ARANA