Maiatzaren Lehena antolatu dezagun (Bilbo)

Albisteak

“Maiatzak 1 Egin” 2015eko maiatzaren lehena baino aste batzuk lehenago sortzen da, Bilboko herri mugimendua osatzen dugun eragile batzuen elkargune bezala. Orain dela urte batzuk langile klasearentzako data azpimarragarria zena, gaur egun desitxuratuta eta edukirik gabe bizi da; urtez urte garrantzia galtzen ari den data. Kezka honetaz gain, herri mugimenduaren ahots eta mezu propioa aldarrikatu nahi izan genuen.

TTIP eta Bilboko langile borroken inguruko jardunaldi batzuk antolatu, eta maiatzaren 1erako arratsaldean manifestaziora deitu genuen, aipatzekoa den oihartzuna izan zuena. Ondoren lanean jarraitu genuen Movistarreko langile autonomoek hasitako greba sostengatzen; herri mugimendura hurbildu ziren langileak eta eurekin amankomuneko lana burutu genuen: bilerak, ekintzak, manifestazioak, propaganda, hitzaldiak…

Momentu horretara arte egindako lanaren balorazioa positiboa izan zenez, aurrera egiteko hautua egin genuen; langile mugimendua eta herri mugimendua batzeko tresna bezala. Norabide horretan eta kurtso honetarako ekimena bultzatzea eta zabaltzea adostu dugu; espazio hau ezagutzen ez duten edo parte hartu ez duten herri mugimenduaren ahalik eta eragile gehien eta norbanakoak biltzea eta lanera batzearen helburuarekin.

Eta bide horretan apirilean burutuko diren bi asanbladetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu: apirilaren 7a, osteguna, 19:00etan 7katun eta apirilaren 23a, larunbata, 11:00etan 7katun.

HERRI MUGIMENDUA INDARTUZ ETA ANTOLATUZ, EUSKAL HERRI LANGILEA LAGUNDU