Hego Euskal Herriko 2017 urterako aurrekontuen azterketa kritikoa prestazio sozialei dagokienean

Aurrekontuak

2017/05/06

LABURPENA

(txosten osoa eskuragarri pdf formatoan artikuluaren bukaeran)

 

POBREZIA: EREDU EKONOMIKO KAPITALISTAREN EMAITZA

Kapitalismoa polarizazioa da, guztion artean sortutako aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen duen prozesua eta bere infrentzua berriz, gero eta herritar sektore gehiagotara eta bizi eremu ezberdinetara iristen den pobreziaren hedapena. 2015 ondotik munduko biztanleen %1 aberatsenak gainerako %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du eta aurten jakin ahal izan dugu, 8 lagunek 3.600 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. 1990eko hamarkadan, orduko erritmoan jarraituz gero, 2050-2075 tarterako munduko biztanleriaren erdia erabateko pobrezia egoeran egongo zela aurreikusten zen, baina aurreikuspen horien azkartzea meteorikoa izan da: 2010 urtetik jada munduko biztanleriaren erdiak planetako aberastasunaren %2arekin biziraun behar du.

Eta kapitalismoak klaseen arteko aberastasunaren banaketa polarizatzen badu, gauza bera esan genezake generoari dagokionean: munduko biztanleriaren erdiak adina aberastasun pilatzen duten 8 pertsona horiek gizonezkoak dira, munduko 62 pertsona aberatsenen artean 53 gizonak diren bezala edota 500 aberatsenen artean 445 gizonezkoak diren bezala.

Europako instituzio publikoek erabilitako metodo eta terminologiaren arabera, 2015 urtean Europar Batasunean 122,3 milioi ziren pobrezian eta bazterketa arriskuan zeuden pertsonak (AROPE adierazleen arabera) eta horietatik 13,33 milioi Espainiako estatuan (alegia, Espainiako estatuko biztanleria osoaren ia %29). Eta egoera larri hori ez da neutroa generoa ikuspegitik, orokorrean Europar Batasunean eta gizonekin alderatuta, 12 milioi gehiago dira pobrezian dauden emakumeak. Bitartean, europar kontinentea "342 mila-milioidunen etxea da".

Espainiako estatuan pobrezian dauden pertsonen kopurua 2007-2014 tartean %30 hazi da, alegia, "krisiaren" ondorioz urte hauetan 3,1 milioi pertsona gehiago daude pobrezia egoeran. Aipatutako EUROSTAT-en metodo horren arabera, 2015 urtean pobrezia eta bazterketa arriskuaren tasa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %19,3koa zen eta Nafarroa Garaian aldiz %17,1ekoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biztanleriaren %1,67ak aberastasun osoaren %44,78 bereganatzen du, biztanleriaren %8ak hilean 500 euro baino gutxiagorekin bizirauten duen bitartean eta %36,33ak Elkartzenek definitutako pobreziaren muga (BPG per capitaren %37,5) gainditzen ez duen bitartean.

Lan baldintzen prekarizazio orokorra eta pobreziaren hedapena

Europar Batasunean jada biztanleriaren %20 egoera horretan da eta Euskal Herrian %35a gainditzen du. Hori da errealitate gordina: pobrezia areagotzen ari den testuinguru honetan enplegua izateak ez gaitu pobreziatik babesten. Lan harremanen desregulazioak eta indibidualizazioak, negoziazio kolektiboaren erreformaren eskutik datorren enpresarien diskrezionalitateak, kaleratzeen merkatzeak eta azken lan-erreformen ondorioz 2012tik hona kaleratze horien gaineko babes juridikoaren ahultzeak, zeintzuen emaitza nagusia enplegu-egonkorra, babes gutxiago duen eta okerrago ordaindua dagoen enpleguaz ordezkatzea izan den.

Murrizketak eskubide zein prestazio sozialetan eta pobreziaren hedapena

Sistema hau, sistemaren politiko-kudeatzaileak eta hauen zerbitzura ari diren hedabideak laguntzak jasotzen dituzten milaka pertsona estigmatizatzen ari dira behi eta berriz iruzurgileak balira bezala aurkeztuz, honela, benetako iruzurgileen gaineko arreta desbideratuz, enpresa eta errenta handien iruzurra ezkutatuz (13.560 milioi euro urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan). Honekin guztiarekin benetako arduraduna zein den ahazten dugu, kapitalismoa, eta horrela laguntza sozialak jasotzen dituzten eta etxebizitzak elkar banatzen dituzten horiek behar gorrian daudelako egiten dutela ahazten dugu, ez hautu hori egin dutelako.

Gehiago irakurri: Hego Euskal Herriko 2017 urterako aurrekontuen azterketa kritikoa prestazio sozialei dagokienean

 
 

Apirilak 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

Data esanguratsuak

2017/04/27

Beste urte batez, Apirilak 28ak, lan segurtasun eta osasun eskubidearen nazioarteko egunak, urtero gertatzen diren lan istripu kopuru izugarri haundiaz hausnartzera eraman behar gaitu. Lan istripuak produktibitatea eta etekinak, langileriaren osasuna eta bizitzaren gainetik jartzen dituen sistema kapitalistaren ondorio zuzenak dira.Prekarietatearen eta esplotazio basatiaren ondorio nabarmenenak beraien lanpostuetan hildako langileak dira baina ezin ahaztu istripu bat izan duten pertsona guztiak ezta lanetik eratorritako gaixotasunen batek geldiro hildakoak. 288 lan istripu gertatzen dira egunero, hau da, bat 5 minuturo. 2016. urtean lan istripu guztien heren bat azpikontratazioetan zeuden langileek sufritu zuten.

Bestealdetik, lanetik eratorritako gaixotasunek %8,2a igo dute eta egunero 10 ematen dira. Eta hori ahaztu gabe gaixotasun profesionalen egungo katalogoa guztiz desfasatua dagoela eta ez dituela, teknologia berriek (erradiakzioak, e.a) eta osagai kimiko berriek, osasunean duten eragina jasotzen. Bestalde, baremazioa gizonezkoen organismo tipoan oinarritzen da, ez dago genero katalogaziorik, jakinik, produktu toxiko baten espozizioak eragin ezberdinak izan ditzakeela gizon eta emakumeen artean.

Egungo legediak, enpresei aukera ematen die, lan istripuei dagokien asegurua, gizarte segurantzaren bitartez edo mutuekin kontratatzea. Azken hauek, enpresek beraiek sortutako irabazi-asmorik gabeko entitateak dira. Gastuak gutxitzeko helburuarekin, tratamenduen eta bajen luzapena zein kalte ordainen kopurua txikituz. Egun ematen den gaixotasun profesionalen gutxieneko aitorpena honen ondorio zuzena da. Espainar Estatuan urtero 63.000 gaixotasun profesionalen kasu ez dira hauen kontaketan sartzen. Zentzu honetan etxeko langileen egoera azpimagarria da. Etenaldi gabeko lanaldiek, bakardadean egindako lanak, zaindutako pertsonak edo bere ingurukoek eragiten duten tratu txarrek...ea batzuetan lanetik eratorritakoak bezala onartuak ez diren kalte sikikoak dituzte. Mugitu, lekuz aldatu eta garbituak izan behar diren pertsonak zaintzeak Osakidetza eta Osasunbidearen serbitzu medikuetan gaixotasun arruntak bezala tratatua izaten diren ondoriok ditu.

Gehiago irakurri: Apirilak 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

 

2017ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

Aurrekontuak

2017/04/03

LABURPENA

(txosten osoa eskuragarri pdf formatoan artikuluaren bukaeran)

2017KO AURREKONTUEK, HUTSALAK IZATEAZ GAIN, ALDERDI POLITIKOEK ALDARRIKATZEN DITUZTEN HELBURUEI EZ DIETE EUSTEN BERRIRO ERE. ETXEBIZITZA ERABILERA ESKUBIDEA? ESKUBIDE UKATUA DA, GUZTIZ ANTISOZIALAK DIREN AURREKONTUAK ONARTZEAN

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.


Zorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastua baldintzatzea dakar, non kupoak eta konbenioak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua 121,67 milioi eurotakoa da, 2009an baino 95,70 milioi gutxiago. Nafarroan 2017an 53,90 milioi euro bideratu dira, 2008an baino 219,98 milioi euro gutxiago. Hala ere, obra “faraonikoak” egiten (AHTa, SuperHegoa, SuperPortua, ...) jarraitzen dute, zenbaiten poltsikoak betetzeko.  
Alokairu eskaria gero eta zabalagoa da, baina Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publiko bat sortzeko borondate ezaren ondorioz, alokairuaren pribatizazioaren alde egiten da.


Hego Euskal Herrian alokairuaren presentzia murritza izaten jarraitzen du, Europar Batasuneko %29,4ko bataz bestekotik oso urrun, azkeneko urteotan etxebizitzara heltzeko alokairu eskariaren garapena nabarmen hazi denean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuen Memorian eta Nafarroako Gobernuak publiko egindako hainbat dokumentutan lehentasuna, erosketaren aurrean, alokairua sustatzea dela adierazten da, baina publikoa ala pribatua?
2013-2016 Etxebizitza Plan Gidatzailean irakurri dezakegu salmentarako 8.650 etxebizitza eta alokairura 3.950 (horietatik 900 erosteko aukerarekin) aurreikusten zirela. Eta alokairuaren kasuan, ez dira ezta euren helburuetara heltzen, 2010-2012 betetze gradua %42,9koa izan zen, erosketan betetze gradua %116,60koa izan zenean. Eta horri deitzen al diote alokairua sustatzea?


Diru publikoa Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publiko bat sortzeko bideratu beharrean, diru publikoa esku pribatuetarako transferentzia areagotzen ari dira, partikularren etxebizitzak alokairurako eskaintzaren bidez.

Gehiago irakurri: 2017ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

 

Martxoaren 21a Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna

Data esanguratsuak

2017/03/20

KAPITALISMOAK ESPLOTATU ETA PREKARIZATU EGITEN DU, ONDORIOZ JENDARTEAREN DUALIZAZIOA ERAGINEZ. KAPITALISMOAREN IDEOLOGIA XENOFOBOA DA!

Arrazakeria eta xenofobia jendarteen egitura ideologiko, politiko zein ekonomikoan lekukotzen dira. Herri eta nazioen esplotazio, menderatze eta zapalkuntzen bitartez adierazten direlarik. Hedapen politika guztiek esplotatu, menderatu eta zapaltzen dituen herrien aldeko nagusitasuna aldarrikatzeko justifikazio ideologikoa eduki izan dute historian zehar, baita gaur egun ere. Beraien hobe beharrez ari direla iritziz, hezi eta zibilizatu daitezen.


Kapitalismoa, polarizazio eta aberastasunaren metaketa da batez ere. 1990. hamarkadan, orduko joerak jarraituz gero, 2050 eta 2075a bitartean, gizateriaren erdia erabateko pobrezian biziko zela baieztatzen zen.  Ageriko da aldiz, prozesu horren azkartzea, 2010etik gaur arte, gizateriaren erdia, munduko aberastasunaren %2az soilik bizi baita. Oxfam GKEren azkenengo txostenaren arabera, 2015etik munduko populazioaren %1 aberatsenak gainontzeko populazio osoak baino aberastasun gehiago du. Gutxi balitz, munduko populazioaren %10 aberatsena isuriketa kutsatzaile guztien erdiaren arduraduna da. Egun, zortzi pertsonek, zortzi gizonek hain zuzen ere, 3600 milloi pertsonek (gizateria osoaren erdiak) duten aberastasun bezainbeste dute. Lanaren Mundu Erakundeak 21 milloi pertsonak bortxazko lana egitera behartuta daudela kalkulatzen du. Honek urtero 150.000 milloiren bat dolarreko etekinak sortzen ditu. 1990. urtean G20 herrialdeetan, sozietate-zergaren batazbesteko tipo nominala %40koa zen, 2015. urtean, %  28,7ra jaitsi da.


Gaur egun, oraindik ere, harriduraz honako justifikazioekin topo egiten dugu: “gerra humanitarioak”, “mendebaldeko demokrazia” “atzeratuta” bizi diren herrialdetara esportatzeko “esku hartzeak”, “terrorismoaren aurkako gerrak”, “zibilizazioen arteko talka”… Guztiak, kapitalismo inperialistak erabiltzen dituen leungarriak dira, munduko herri guztiak kontrolpean edukitzeko; modu honetan, herrion ustiaketa eta bizitzako gero eta arlo gehiagoren salerosketa areagotuz. Are gehiago, kontua ez da era honetako justifikazioekin bukatzen, egunez egun, logika kapitalistak sortutako gerra inperialisten ondorioz ematen ari diren migrazio masiboak eta ondoriozko dramak ikusten ari gara. Demokraziaren “gotorleku” izateaz harro adierazten den Europa honetan ikus ditzakegu gainera.


Gaur Martxoaren 21a, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna den honetan, SOS arrazakeriak esan bezala, “Europa zaharraren hegoaldeko muga, hilobi erraldoia da”.


Eraila izan baino bost egun lehenago Malcolm X-k argi eta garbi adierazten zuen: “Beraiek errudun diren horietaz akusatzen gaituzte. Kriminalak beti egiten duena da. Bonbardeatzen zaituzte eta ondoren zure burua bonbardeatu izanaz akusatzen dizute. Arrazistek beti egin dutena da. Beraien ohiturak egintza kriminalen ohiturak dira eta prentsaren bitartez biktima bezala agertzen dira…. biktima kriminal bezala aurkeztu eta kriminala biktima bezala. Horrela egiten dute”.

Gehiago irakurri: Martxoaren 21a Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna