Bannerra

Jar diezaiogun muga pobreziari. Pobreziaren muga zehaztearen garrantzia

Diru-Sarrera duinak

2019/04/30


Elkartzenen uste dugu, pertsona ororen partehartze sozial aktiboa bermatzeko helburuaz,  gutxieneko dirusarrera duinak bermatuak eduki behar ditugula. Bistakoa badirudi ere, pobreziak, berau ulertu eta azaltzeak, ondorengo ezbaian du giltzarria: aberastasuna eta errenten  banaketa desorekatua bai zentzu “bertikalean” (lan eta kapitalaren errentak) zein zentzu “orizontalean” (herritarren artean egiten den baliabideen banaketa).

Txosten ofizialek pobrezia erlatiboari, prekarietateari, ongizate ezari eta abarrei buruz mintzatzen zaizkigu, egiazko errealitatea estaltzen duten indize eta zenbakiak manipulatzen dituztelarik. Elkartzen-ek urteak daramatza erreklamatzen Pobreziaren Muga definitu eta zehazteko irizpide homogeneo bat ezar dadin. Gizarte baten errenta eta prezioen mailan oinarritutako erreferentzia bat definitzean datza eta, aspektu horietan oinarrituta, pertsona batek gutxieneko duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen kopurua zehaztean. Elkartzen-en gutxieneko esleipen ekonomiko oro kalkulatzeko orduan erreferentzia hori erabili beharra dagoela pentsatzen dugu, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata, pentsioen gizarte prestazioak eta Diru-sarreren Bermerako Errenta kalkulatzeko besteak beste. Modu horretan horietako bat ere ez da Pobreziaren Mugaren azpitik egongo.

Europako eta estatuetako instituzioek pobreziaren mugaren ezarpena erabili daitekeen errenta baliokidearen medianan oinarritzen dute; hau da, populazioaren gehiengoarentzako soldatetan. Jakinda 70. hamarkadaren erdialdetik, sortutako aberastasunean soldatapeko biztanleriaren esku-hartzeak behera egin duela kapitalak bereganatutako zatia asko hazi den bitartean: 1977an soldatapeko biztanleriaren ordainsaria BPGaren %67,3a zen, 2012an portzentai hori %48,6ra jeitsi delarik, gure proposamenak per capita BPG-etan oinarritutako soldatak indexatzearen alde egiten du. BPGak sortutako aberastasuna zenbatzeko dituen mugetaz jabetzen bagara ere (ez du zenbatzen iruzur fiskala, ezta ezkutuko ekonomia ere, eta are gutxiago jendartea sostengatzen duen lan erreproduktiboa), eta hel daitezkeen ekarpenei zabalik egonda, metodo honen bertutea azpimarratu nahi dugu: aberastasunaren banaketa bere sorrerara lotzen duela.

Helburua hori izanik, lurralde bakoitzeko BPG-aren arabera artikulatutako indizazio automatikorako sistema bat planteatzen dugu. Horren arabera:

1- LGS inoiz ez litzateke per cápita BPG-aren %50 baino baxuagoa izan behar.
Indarrean dagoen LGSren eraginez “langile pobreak” sortzen dira. Gure metodologiaren arabera, 2019an Hego Euskal Herrian LGS (eta beraz gutxieneko pentsioa ere) 1.412,40 euro hilean izango litzateke; Madrilek ezarritakoa berriz 900 euro hilean delarik.

2- Prestazio bat bera ere ez litzateke inoiz per capita BPG-aren %37,5 baino baxuagoa izan behar, Pobreziaren Mugatzat hartzera pasatuko litzatekelarik.
Egia da Pobreziaren Mugaren gainetik egongo diren prestazio edo gizarte soldatekin ez dugula pobreziarekin bukatuko. Pobreziarekin era integralean bukatzeko, esplotazioarekin bukatzeko lan-baldintza duinak bermatzea, etxebizitzen gehiegizko prezioei eta alokairuei muga jartzea… nahitaezko neurri bakar batzuk dira.


ELKARTZENEN 2019rako POBREZIAREN MUGA ZEHAZTU DUGU

2019an Pobreziaren Muga 12.711,67 eurotan geratu da Hego Euskal Herrian, horrek esan nahi du hileroko kopurua 1059,30 eurokoa dela eta horregatik Elkartzen-ek kopuru bereko prestazioak edo gizarte soldata aldarrikatzen du.

Gure metodologiaren arabera, gaur eguneko Lanarteko Gutxieneko Soldata eta beste hainbat soldata, prestazio sozialak (Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, Txertatze Sozialerako Errenta) eta pentsio gehiegi (batez ere kontributiboak ez direnak eta alarguntza pentsioak) Pobreziaren Mugaren azpitik kokatzen dira gaur egun.

Pobreziaren muga, gizarte desberdintasunak gutxitzeko tresna eraginkorra da. Pertsona orori gutxieneko duintasuna bermatzeko tresna alegia. Aberastasuna banatzeko mekanismo automatikoa da, zeren aberastasuna handitzen bada atalasearen kopurua handitzen baita, eta, murriztuz gero, kopuru hori ere neurri berean murrizten baita. Era berean, egungoak baino lan baldintza duinagoak bermatzen ditu. Halaber, baliogarria izango da esplotazioari, jendarte eta lan murrizketei aurre egiteko. Aberastasunaren banaketa bere sorrerari lotzeaz gain, laguntza sistema errazten du, generoa baztertzen duten gizarte asegurantzaren sistema bereziak ere baztertzen ditu, errejimen orokor baterako urratsak emanez. Aldi berean, denon artean sortutako aberastasuna banatzen du era egokiago baten bidez. Hala ere, inportanteena da pertsona guztiei gutxieneko duintasuna ziurtatzen diela eta, batez ere, emakumeei dagokienez, eurenganako konfiantza eta independentzia handitzen dela.

Zenbaki hutsal hauen atzean, Euskal Herriko biztanleen herenak (3 pertsonatik batek!) Pobreziaren Mugaren azpitik bizirauten du Euskal Herrian, isiltasunean eta gure joan-etorri frenetikoan ikusezin. Itzartzeko ordua da, kontzientzia hartzeko ordua, sistemari aurre egitekoa. Pribatizatzeko helburuarekin publikoaren aurkako lapurreta masiboaren aurrean, ondoeza zabaltzen ari den  balizko ongizate estatuaren aurrean,beldurra eta babesgabetasuna, herritarren gehiengoaren aurkako ezkutuko gerra honen aurrean, pobreziari muga jartzea ezinbestekoa da.

Azkeneko gertaerek, adineko jendea burutzen ari den mobilizazio aktiboak buruan, pertzepzioen ehunekoetan kontabilitate sistema objektibo baten beharrean berresten gaituzte; txarto izendatutako soldata-arrailari (soldata-diskriminazioaren eufemismoa, hainbat konstituziok eta nazioarteko arauk debekatzen dutena) aurre egingo dion sistema objektiboa, pentsionistak pairatzen ari diren abandonuari eta euskal langile klaseak pairatzen duen prekarizazioari aurre egingo diona.

Azken finean esaten ari garena zera da: edozein langilek edo pentsionistak inoiz ez lukeela hilabetean 1.412,40 eurotik beherako soldatarik jaso behar; eta era berean, edozein prestazio edo laguntza sozial (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Integraziorako Errenta) ez litzatekeela hilabetean 1,059,30 eurotik behera egon behar.

 

BORROKATU ESKUBIDE SOZIALEN ALDE! PREKARIETATEARI AURRE EGIN! JENDARTEA ERALDATU!

Euskal Herrian 2019ko Maiatzaren 2an


 

Apirilak 28 Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna

Data esanguratsuak

2019/04/25

Aurten, beste behin, langile klaseak sistema kapitalista eta bere kudeatzaile politikoen ondorioak zenbatu eta salatu beharrean aurkitzen gara; soilik lanera joateagatik, urtero ikaragarrizko sufrimendua dakarren sistema bera.

Langile klasea aurpegiak eta begiak ditugun pertsonok osatzen dugu, inguruan maite ditugun pertsonak eta sentimenduak ditugunak. Esplotazioaren, beldurraren eta miseriaren aurrean ozen oihu egiteko garaia da, NAHIKOA DA!

2018. urtean esplotazio enpresarialaren eta lan prekaritatearen ondorioz 68 pertsonek euren bizia galdu zuten lan istripuetan Euskal Herrian; aurten jada 15 pertsonek galdu dute bizia. Baina ezkutatzen da lanaren ondorioz gaixotutako 1.200 pertsonek ere hil egin zirela 2018an eta 370 oraingoz aurten. Datu hauek Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europear Agentziatik ateratzen dira, Agentziak lan istripuan hildako langile bakoitzagatik beste 18k gutxienez hiltzen direla zehazten baitu.

Eta, zer axola gure bizitzak beste batengatik ordezkatuak bagara? edo sinpleki, lanpostu hori deuseztatzen badute?. Negozioa beti pertsonen gainetik dago, erabiltzeko eta botatzeko merkantzia gara. Legeak, epaileak, instituzioak, mutuak... denak dira enpresariei mesede egiteko eta bere burua erreproduzitzeko sistemak behar duen “bake soziala” mantentzeko tresnak.

Langile klaseak eta herri sektoreek sortzen dugu aberastasuna, baina egindako esfortzuak eta lanak ondorio ikaragarriak ditu: miseriako soldatak, prekarietatea, langabezia, eskubideen murrizketa, bizi kalitate kaskarra, gaixotasunak eta heriotza. Bitartean, odol tanta bat bera ere isuri gabe, enpresariek plusbalioaz jabetzen dira.

Zergatik instituzioek lanean hildakoen datuak isilarazten dituzte? Estatistikak latzak dira. Ez al da hau onartutako bortizkeria? Gaitz honek hiltzen jarraitzen du eta ez al daude erantzulerik?

Patronalak eta instituzioek gure lana galtzeko beldurra, langabezian geratzekoa, gero eta garestiagoak diren fakturak, zerbitzuak... ordaintzeko dirurik ez izatekoa... erabiltzen dute gure eskubideei uko egin diezaiegun eta erabat meneko pertsonak bihurtu gaitezen. Ez diezaiegun utzi eurena egiten. Klase kontzientziak kalera ateratzera, matxinatzera, antolatzera eta borrokatzera eraman behar gaitu. Hurrengo 28an eta urteko egun guztietan.


Gora Euskal Herriko langileria!

Euskal Herrian 2019ko apirilaren 26an

 

Martxoaren 8an denok grebara

Data esanguratsuak

2019/03/06

Urtero bezala martxoak 8a egun garrantzitsua da Euskal Herrian. Urtero adierazpenek, aldarrikapenek eta manifestazioek betetzen dituzte gure herriko kale eta kantoiak, herri zein hirietan. Halere, zerbait aldatu da gure herri txiki honetan. Iaz, feminismoak izaten ohi duen ausardiaz, greba feminista deitu zen Euskal Herrian zein munduko beste leku askotan ere. Batzuek iniziatiba hau erreserbarekin ikusten bazuten ere egundoko ohiartzun izan zuen garaipena izan zen.

 

Iazko greba urte luzeen lanaren ondorioz bezala baino ezin da ulertu. Normalean gure egunerokotasunean zaila izaten dugu gure borroken emaitzak ikustea eta gure galeretan galdu ohi gara etsipenez. Iaz ikusi genuen eztanda feminista lan sakon eta etengabekoaren emaitza izan zen. Egunero ikusten ez ditugun fruituak baina egun berezi gutxi batzuetan bere osotasunez ikusteko aukera izugarriak izaten duguna. Halere, oraindik bide luzea dugu aurretik.

Gutxi aldatu dira gure bizitzak iaztik hona. Emakumeok jazaten ditugun zapalkuntza eta esplotazio guztiek bere horretan jarraitzen dute. Gu aldiz pixka bat kontzienteagoak gara egun eta hori da, hain zuzen ere, askatasunerako gakoa.

Euskal Herriko emakumeok anitzak gara eta gure ezaugarriak ere era askotakoak dira. Emakumeok gure izaera eta identitatea definitzen dituzten aldagai askok zeharkatzen gaituzte eta oso presente izan behar dugu intersekzionalitate hori. Gure arteko aliantzak sortu nahi baditugu ezaugarritzen gaituzten aldagai ezberdinak ezagutu eta aldarrikatu behar ditugu beti ere norberaren pribilegioak onartuz eta hauei uko egiten hasiz. Emakume eta langileak izateak batzen gaitu baina banatzen gaituenari ez badiogu aurre egiten ez dugu biltzerik izango.

 

Horregaitk Euskal Herriko emakumea langileak deitu nahi ditugu aurtengo Martxoak 8an egiten ditugun lan guztiak bertan behera uzteko. Lan produktiboak zein erreproduktiboak, esparru publikoan zein pribatuan, soldatapeko lanak zein ordaindu gabeko lanak. Lan guztiak utzi eta gure kale eta plazak aldarrikapen eta ohiu feminista ozen batekin betetzera deitu nahi zaituztegu. Feminismoa jendarte osoaren egunerokotasunean txertatzen den bitartean egun berezietan ikusgarri egin dezagun. Urte luze eta lan astun eta sakon horren emaitzak ikusgarri egin ditzagun.

 

Martxoaren 8an Greba Orokorra deitua dago Euskal Herrian. Greba defentsarako gure eskuetan daukagun tresna bat da. Badugu zer esan eta nola borrokatu. Egin diezaiogun aurre gure aurkako indarkeria sortzen eta birsortzen duen sistema kapitalista eta cisheteropatriarkal honi.

 

Gora borroka feminista!!!!

Euskal Herrian, 2019ko martxoaren 6an

 

2019ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

Aurrekontuak

2019/02/05

(bukaeran txosten osoa eskuragarri pdf formatuan)

AZKENENGO AURREKONTUEK, HUTSALAK IZATEAZ GAIN, ALDERDI POLITIKOEK ALDARRIKATZEN DITUZTEN HELBURUEI EZ DIETE EUSTEN BERRIRO ERE. ETXEBIZITZA ERABILERA ESKUBIDEA? ESKUBIDE UKATUA DA, GUZTIZ ANTISOZIALAK DIREN AURREKONTUAK ONARTZEAN

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Eta gainera klase politikoak, erabateko lotsagabetasunez, ez du ezta esaten duena betetzen. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.
Administrazio ezberdinen diru-bilketa gehiena kupoa, konbenioa, zorra kitatzeari eta arlo publikoaren jarduera burokratikoa ordaintzeari bideratuko da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko 2018. aurrekontuetan jasotzen zen bezala, lehentasuna defizita eta zorra jaistea da, eta dena Aurrekontu egonkortasunari eta Finantza iraunkortasunari buruzko lege estatala betetze aldera.
Azken 10 urteei erreparatuz gero eman den murrizketa lotsagarria da. 2019an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua (langile eta Administrazio Publikoaren funtzionamendu gastu guztiak barne) 141,80 milioi euro izatea espero zen, azkenean aurrekontuen luzapena dela eta 126,90 milioi eurotakoa izan bazen ere, 2009an 217,40 milioi izan zenean, hau da, 2009an baino 90,50 milioi gutxiago. Nafarroa Garaian 2019an 60,62 milioi euro bideratu dira, 2008an 273,88 milioi bideratu zirenean, hau da, 213,26 milioi euro gutxiago.
Urteetan, bi gobernuek barneratu digute salmentaren ordez, alokairu eta alokairu-soziala dela lehentasunezkoa. Baina, datuek adierazten diguten bezala, lehentasun hau hankaz gora geratu da.
Nafarroa Garaiko Plan de Vivienda 2018-2028n, 2018-2021 urteetarako 615 alokairuzko etxebizitza babestuak sustatzea aurreikusten da. Erosteko etxebizitza babestuen kopurua aldiz 1.100koa da, ia bikoitza. Plan horren diagnostikoan ikus daitekeen moduan egun dauden 55.895 etxebizitza babestuetatik 4.917 bakarrik daude alokairura zuzenduta (%8,8a).
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2013-2016 urteetan salmentarako babestutako etxebizitzen aurreikuspenak soberan bete ziren bitartean (%117,7), babestutako alokairua ez zen aurreikuspen laurdenera heldu (%12,8). Eta honi deitzen al diote alokairua sustatzea?
NASUVINSAk zein ETXEBIDEk diru publikoa esku pribatuetara joatea ahalbidetzen dute, euren etxebizitzak alokatzen dituzten etxe hutsen jabeei hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 600€ eta Nafarroa Garaian 550€ ziurtatuz.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2018an eta 2019an (luzatuak) etxebizitzara bideratuko den diru kopurua 2009an bideratu zenaren erdia baino pixka bat gehiago izango da, hau da, 90,50 milioi euro gutxiago zuzenduko dira.

Gehiago irakurri: 2019ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

 

ERASOEN AURREAN ERANTZUN ZUZENA

Data esanguratsuak

2018/11/22

Beste urte batez azaroak 25a gainean dugu eta halabeharrez indarkeria matxistaz hitz egin behar dugu. Ez gara nekatzen sistema patriarkalak dituen ezaugarri eta ondorioak azalarazteaz. Ezaugarri eta ondorio horietaz aldiz, zeharo nekatututa gaude. Sarri esan dugu ere, indarkeria fisikoa irmoki erantzun behar den eraso bortitzena izanik ere, indarkeriaz ari garenean indarkeria mota honetara mugatzea arazoaren garrantzia eta sakontasuna itxuragabetzea izango litzatekeela.

Patriarkatuak jendartearen eremu guztiak eta eremu guzti horien alde eta zirrikitu guztiak zeharkatzen ditu. Gure zainetatik hedatzen da gure beldur eta aurreiritziz elikatuz. Indarkeria matxistaz ari garenean egunero egunero gure bizitzen arlo guzti guztietan pairatzen ditugun indarkeria ezberdin eta maila anitzetako indarkeriaz ari gara. Patriarkatua pairatzen dugunok ere anitzak gara eta gure ezaugarri eta errealitateen arabera ere jasatzen dugun indarkeria anitza da bere ezaugarri eta ezarpenean. Modu zabal eta kexkagarrian normalizatuta, eta ondorioz onartuta, ditugun jokaera patriarkalak eguneroko ogia dira guretzat.

Indarkeria kapitalismoaren oinarrizko elementu eta ezaugarria da. Zentzu horretan eta patriarkatua kapitalismoa sostengatzen duen zutabe garrantzitsu eta sendoena izanik, gure kontrako indarkeria ezin bortitzagoa izateaz gain funtsezko tresna da kapitalismoaren bizipenerako eta garapenerako.

Ataka honetan bere biziko garrantzia du autodefentsa eta indarkeria eremu eta modu ezberdinetan pairatzen dugun heinean, eremu eta modu ezberdinetan defendatzen ikasi behar dugu. Horretan gaude eta ez gara atzera pausorik emango. Hasi gara. Duela urte asko hasi ginen. Eskerrak feminismoei. Eskerrak lehenik eta behin erasotuak izaten ari ginela erakusteagatik. Eskerrak defendatu behar ginela adierazteagatik. Eskerrak defendatzen irakasteagatik. Eskerrak defendatzeagatik, feminismoak beraiek defentsa indartsuenak baitira.

Martxoaren 8an Greba Orokorra deitua dago Euskal Herrian. Greba defentsarako gure eskuetan daukagun beste tresna bat da. Zentzu horretan dei egin nahi dugu Euskal Herrian patriarkatua pairatzen duten guztiei datorren martxoaren 8an greba egitera eta kaleak gure aldarrikapenez betetzera. Badugu zer esan eta nola borrokatu. Egin diezaiogun aurre gure aurkako indarkeria sortzen eta birsortzen duen sistema kapitalista eta patriarkal honi.


Defenda gaitezen!!!!
Gora borroka feminista!!!!

Euskal Herrian, 2018ko azaroaren 22an

 

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

«HasieraAurrekoa12345678910HurrengoaAmaiera»

TWITTER