Pobreziari muga jartzea ezinbestekoa da (beha.eus-en argitaratutako artikulua)

Pobreziaren inguruan hausnartzeko, lehenengo eta behin, pairatzen dugun sistema berezkoa duela azpimarratu behar dugu. Kapitalismoak, aberastasunaren metaketa eta pobreziaren hedapena sortzen ditu, jendartearen dualizazioan sakonduz. Pobrezia, aberastasunaren beste aurpegia da: 1960an munduko zatirik aberatsenaren %20ak txiroenaren %20ak baino 30 aldiz gehiago irabazten zuen, 1990ean 60 aldiz gehiago, 2000an 82 aldiz gehiago eta gaur egun %10ak aberastasunaren %83a kontrolatzen du (%1ak %46a) %50a %2aren jabe den bitartean. Kapitalismoak, munduko sektore zabaletan pobrezia areagotzen duen prozesua eratzen du. Helburu nagusia ahalik eta etekin gehien lortzea da, eta hori posible izateko modu bakarra eskulana (gutxiago ordainduta) eta lehengaiak (beste herri batzuetako baliabideen esplotazioaz) ahalik eta gehien ustiatzea da, baita natura modu basatiagoan ustiatzea ere.

 

 


Prozesu honek, Euskal Herrian ere badu bere isla. Ezinezkoa da ordea fenomeno honen kontabilizazio totala egitea. Ez baitaukagu, gure herria, bere osotasunean hartzen duen datu estatistikoak biltzeko tresnarik.

Gabeziak gabezi, agerikoa da gure herriko gero eta sektore gehiagok eta gero eta bizitzako esparru gehiagotan pairatzen dugula pobreziaren hedapena. Lan merkatuan egoteak, pobrezia, bazterketa soziala edo gabezia materiala ekiditeko bidea denaren ideiak kale egin du. Gaur egun, lana edukitzea ez da pobretze egoeren babesgune (LGS pobreziaren mugaren azpitik). Eta langile pobreak badaude zer esan lan merkatutik kanpo dauden pertsonez (234.000 pertsona baino gehiago langabezian eta erdiak baino gehiagok ez dute inongo diru sarrerarik jasotzen, gizarte-prestazioak jasotzen dituzten pertsonen kopurua ia hirukoiztu da 2008tik, pentsioen %58a 700€-tik beherakoak dira eta emakumeenak gizonezkoenak baino %40 gutxiago…). Bestalde, gero eta garestiagoak dira uraren faktura, gasarena, garraioena (argiaren faktura 2007koarekin alderatuz, %60 igo da), gazteen herenak ezin dira emantzipatu, emakumeok gizonek baino %27 gutxiago irabazten dugu, krisialdia hasi zenetik, 50000 pertsona izan dira desjabetuak… Eta egoera larri honi gehitu behar diogu, politika publikoek ez dutela aberastasunaren birbanaketan bete beharreko funtzioa betetzen.

Txosten ofizialek pobrezia erlatiboari, prekarietateari, ongizate ezari eta abarrei buruz mintzatzen zaizkigu, egiazko errealitatea estaltzen duten indize eta zenbakiak manipulatzen dituztelarik. Elkartzen-ek urteak daramatza erreklamatzen Pobreziaren Muga definitu eta zehazteko irizpide homogeneo bat ezar dadin. Gure proposamenak per capita BPG-ean oinarritutako soldatak indexatzearen alde egiten du, lurralde bakoitzeko BPG-aren arabera artikulatutako indizazio automatikorako sistema bat alegia. Horren arabera: LGS inoiz ez litzateke per capita BPG-aren %50a baino baxuagoa izan behar (aberastasunen metaketa gelditzeko bide bakarra, toki bakoitzeko egiazko aberastasunean oinarrituta sortutako bidezko gutxieneko soldaten politika ezartzea da) eta prestazio bat bera ere ez litzateke inoiz per capita BPG-aren %37,5a baino baxuagoa izan behar, Pobreziaren Mugatzat hartzera pasatuko litzatekeelarik.

BPGak sortutako aberastasuna zenbatzeko dituen mugez jabetzen bagara ere (ez du zenbatzen iruzur fiskala, ezta ezkutuko ekonomia ere, eta are gutxiago jendartea sostengatzen duen lan erreproduktiboa), eta hel daitezkeen ekarpenei zabalik egonda, metodo honen bertutea azpimarratu nahi dugu: aberastasunaren banaketa bere sorrerara lotzen duela alegia. Lan baldintza duinagoak bermatzen laguntzeaz gain, esplotazio egoerak zein lan eta arlo sozialean inposatutako murrizketei aurre egiteko baliagarri zaigu, aberastasunaren banaketa orekatuago eta bidezkoago bateranzko aurrera pausua da eta mekanismo automatikoa da: aberastasuna handitzen bada Pobreziaren Muga ere handitzen da eta alderantziz. Hala ere, egia da Pobreziaren Mugaren gainetik egongo diren prestazio edo gizarte soldatekin ez dugula pobreziarekin bukatuko. Pobreziarekin era integralean bukatzeko, esplotazio egoerekin bukatzea eta elkarloturik dauden eskubide sozialak bermatzea nahitaezkoa da: lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa eta lan-baldintza duinak, herritarron mesedetan aberastasuna banatuko duten fiskalitate eta aurrekontuak, etxebizitza eskubidea bermatuko duen Alokairuzko Parke Publikoa, kalitatezko zerbitzu publiko eta sozialak… Eta guzti hau lortzeko berme bakarra guztion parte hartze sozial aktiboa da, “publikotik” “komunalera” salto eginez.

Euskal Herriko biztanleen herenak Pobreziaren Mugaren azpitik bizirauten du. Herritarron gehiengoaren aurkako ezkutuko gerra honen aurrean, pobreziari muga jartzea ezinbestekoa da.

Aitor Balda Azurmendi

Elkartzen