Euskal Herriaren kontrako erasoen aurrean Hezkuntza Sistema Propioa eraiki!!!

Kapitalismoaren helburu bakarra etekin ahalik eta haundiena ahalik eta denbora laburrean lortzea izanik, jendartearen gero eta sektore gehiago zapaldu eta ustiatu eta bizitzaren gero eta eremu gehiago prekarizatzen jarraitzen du, bai Euskal Herrian zein mundu mailan.

Gose aseezin hau elikatzeko ekoizpena merketu eta merkatu berriak ireki behar ditu, eremu guztiak merkantilizatu, alegia. Hau da, langileon lan baldintzak okertu eta gure eskubideak murriztu, beste hainbat herri eta bertoko langileria ustiatu, Ama Lurra gero eta gehiago erasotu eta eremu guztien pribatizazioa bultzatzen du.

Zapalkuntza guzti honi izaera legala emateko, kapitalaren alde legislatzen da. Bere etekinak maximizatzen jarraitzeko behar dituen ekoizpenaren merketzea eta merkatu berriak, Sektore Publikoak eskeintzen dizkio, Lege eta Dekretuen bidez.

Pribatizazioen aldeko jarrera ere ez da hutsaren hurrengoa. Ibilbide honen beste aldea gure eskubideen, eta oro har, jendartearen merkantilizazioa ez ezik diru publikoa esku pribatuetara bideratzea ere bada. Kapitalak behar dituen merkatu berriak sortzeko, orain arte merkantzia izaera ez zuten hainbat eskubide eta bizitza eremu, merkatuaren logikara eramaten ari dira. Gure eskubideak merkatuaren logikapean egoteak eskubide horiek gozatzea, norbanakoen gaitasun ekonomikoaren araberakoa izatea dakar, hau da, eskubide horiek bermatuak izateak klase izaera izango du.

Hezkuntza ez dago logika honetatik kanpo. Hezkuntza sistemak, nazioarteko merkatuaren logikaren imposaketei erantzuten die. Hezkuntza Erreforma inposaketa horren beste urrats bat izanik. Horrela ikasleak unibertsitateko matrikula ezin ordaindu dabiltzan, gurasoenganako dependentzia edo lan prekarioen onarpenaren artean aukeratu behar dute (ahal dutenek), kanpoan ikasten dutenek, tartean euskaraz ikasteko mugitu behar direnak, etxebizitza bat eskuratzeko dirutzak ordaintzen dituzte, garraioa ordaindu behar dute...ea. Ikas baldintza duinik ez edukitzeak hezkuntza duin bat jasotzeko aukera determinatzen du.

Hezkuntza, herri baten etorkizunaren oinarrizko zimendua izanik, hezkuntza sistema horrek, herri horren izaera landu, indartu eta zabaldu behar du, bertoko hizkuntza sozializaziorako lehenengo tresna izango delarik.

Euskal Herriak izaera propioa dauka eta bere izaera horretan oinarritu nahi du bere etorkizuna. Beste eredu bat eraikitzera goazela, hezkuntzak ere, eredu horren islada izan behar du. Hezkuntza feminista, euskaldun, laiko, aurrerakoi, publiko eta zientifikoa nahi dugu. Lan munduan ustiatuak izateko prestatu beharrean, pertsona osoak sortuko duen Hezkuntza eredua da gurea.

Garai hauetan, non herriak eta lekuan lekuko langileriaren eskubideen kontrako erasoak etengabekoak direnean, ikasten jarraitu behar dugu. Ikasmahaitik altxatu eta kalera joan. Kalean ikasi eta ikasmahaiara itzuli. Bizitza osoan zehar ikasten dugulako. Bizitza osoan zehar ikasi behar baitugu. Hori dela eta, ostegun honetan, martxoaren 17an jendarte osoari Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatzeko gonbidapena luzatu nahi diogu.


Ikasleengandik ikas dezagun!!!
M17 altxa!!!


Elkartzen, Euskal Herrian, 2016-III-15ean