Elkarlanean kontzientziak pizten... Gora Martxoaren 3a

40 urte luze pasa dira 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen burututako sarraskitik. Egun horretan, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka oldartu eta haietako bost erail zituen: Romualdo, Pedro, Francisco, José eta Bienvenido. Gerora, indar errepresiboek hilketa hauek salatzen zuten hainbat langileen bizitzarekin amaitu zuten. Urte horietako klase borrokaren areagotzea geldiaraztea zuen helburu, erregimenak erreformarekin aurrera egin ahal izateko eta haren oinarriak kolokan jartzen zituen mugimendu zabalarekin amaitzeko.

Gaurko Euskal Herrian martxoaren 3a herri boterearen eta duintasunaren sinbolo bilakatu da. Hainbat urtez isilarazita eta ahaztuta izatea nahi izan dute, baina Gasteizeko langileen eredua gainetik pasa zaie. Izan ere, eredugarria baita urte horietan zabaldu zen elkartasuna eta batasuna: enpresa, sektore eta jatorri ezberdinetako langileen arteko esperientzia trukaketek, asanbladek, eztabaidek eta ekintzek erakutsi baitzuten batuta gaudenean daukagun indarra eta nola elkarlanean kontzientziak pizten ditugun. Kapitalismoaren krisian gauden momentu honetan, Gasteizeko langileen borrokaren irakaspenak gaur presente eduki behar ditugu, pairatzen ditugun erasoei  aurre egiteko tresnak, alegia.

Maiatzak 1 Eginek Gasteizen urteurrenaren inguruan antolatu diren hamaika deialdietan parte hartzeko deia egiten dio herri mugimenduari eta langile herriari. Eraildakoen izenak historian ez galtzeko eta borroka bizirik dagoela aldarrikatzeko helburuetan ere herri mugimenduak baduelako zer esanik.

Gora Martxoaren 3a!